Euskal hezkuntza sistemaren txanponaren bi aldeak
Ikasleen emaitzak eta segregazioaren auzia kezkagarriak badira ere, badaude datu onak ekitatearen ikuspuntu batetik
Noiz esan dezakegu hezkuntza-sistema bat «ona» dela? Zerk definitzen du? Oro har, bi alderdi hartu beharko genituzke kontuan. Alde batetik, ikasleen ezagutza maila. Hau da, zenbat dakiten matematikaz, nola irakurtzen duten, zenbat menderatzen duten euskara... Bestalde, ekitatearen ikuspuntu batetik, azter daiteke sistemak gazteei aukerak irekitzen dizkien ala ez, profesionalki zien pertsonalki gara daitezen.
Horiek dira txanponaren bi aldeak. Eta ez dira bateraezinak. Hala gertatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan, Juan Ignacio Perez Iglesiasek, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak, pasa den astean aitortu zuen bezala Eusko Legebiltzarran.
«Ez dugu nahiko genukeen hezkuntza-sistema. Adierazle batzuek iraganekoek baino emaitza txarragoak eman dituzte», esan zuen Perezek. Noski, PISA txostenari zein Hezkuntza Sailaren Ebaluazio Diagnostikoei buruz ari zen sailburua. Askotan aipatu ditugu hemen. Euskal ikasleek gero eta zailtasun gehiago dituzte testuak ulertzeko eta ikasgaiak menderatzeko.
«Baina bikaintasuna ez da emaitzek bakarrik azaltzen», jarraitu zuen sailburuak. Hezkuntza Ministerioak eskola behar baino lehen uzteari buruz emandako azken datuak aipatu zituen hemen. Eta egia da, euskal datuak bikainak dira, estatuko onenak. EAEn, ikasleen % 5 bakarrik atera dira ikastetxetik Batxilergoko edo Lanbide Heziketako titulurik lortu gabe. Eta hori lortzea, hain segregazio-datu altuak izan arren, ikaragarria da.
Kontua da eskola uzte goiztiarra saihestea beti izan dela euskal hezkuntza sistemaren sendotasun garrantzitsuenetariko bat. Bestea, urte askotan zehar, gure ikasleen maila akademiko altua zen. Zoritxarrez, azken hori oso modu larrian aldatu da azken hamarkadan.
«Asmo handikoak izan behar dugu esparru akademikoan, baina badira beste gauza garrantzitsu batzuk ere», zioen Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak joan den irailean egindako elkarrizketa batean. Egia da, baina komenigarria litzateke emaitza akademikoetan ikusten ari garen beherakada ez gutxiestea. Eta horrek gardentasuna behar du. Hau da, Hezkuntza Saila egiten ari denaren justu kontrakoa. Adibidez, nazioarteko ebaluazioetan parte hartzeari uko eginez, lagin propioarekin; edo gure barne-ikerketen emaitzak ezkutatuz. Hori ere garrantzitsua dela uste dut.