Euskeria abesbatzak Gabriel Arestiren poemak kantatuko ditu Guggenheimen
Euskal musikari eta poesiari eskainitako emanaldi hori astelehenean izango da, eta Arestiren lanak protagonismo berezia izango du
Euskaltzaindiak Gabriel Aresti omentzeko eta beronen ekarria goresteko ekitaldi ezberdinak antolatu ditu Bilbon azken hilabeteetan, aurten bere heriotzatik 50 urte bete direla aprobetxatuz. Ekimen horiek Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU), Gabriel Aresti Kultura Elkartearekin eta Bilboko Koralarekin elkarlanean antolatu ditu. Egitasmoak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, EiTBren eta BBKren babesa jaso du, eta ekainean aurkeztu zuen Akademiak.
Oro har, Gabriel Aresti bera eta beronen lanak ezagutzera ematea da ekitaldi hauen xede nagusia. Hortaz, Arestiren ekarria balioan jarri nahi da, hots, beronen lanak duen meritua aitortu, balioetsi eta ezagutarazi, Arestik euskal literatura modernizatzeko eginiko ahalegina gogoraraziz eta euskararen batasunaren hastapenetan izan zuen eragina eta ikuspegi fin zorrotza nabarmenduz.
Hori dena betetzeko, hamar ekimen aurkeztu ziren ekaineko prentsa-agerpenean (hitzaldiak, antzerki-saioak, kontzertuak, erakusketak eta liburu-aurkezpenak), eta batzuk ekainean bertan egin ziren: Bilboko Udalaren Txistularien Bandaren Aitaren Etxea kontzertua; Gabriel Aresti 1975-2025 jardunaldi akademikoa, Gabriel Aresti katedraren eskutik / EHU; eta Gabriel Arestik ereindakoak liburuaren aurkezpena (Gabriel Aresti katedrak ondutakoa).
Bada, egitarauari jarraiera emanez, astelehen honetan, urriaren 6an, kontzertu berri bat izango da, oraingo hau Guggenheim Museoan eta Museoaren Adiskideentzat bakarrik (sarrerak eskuragarri daude museoaren webgunean). Euskal musikari eta poesiari eskainitako emanaldia izango da, eta Arestiren lanak protagonismo berezia izango du. Kontzertua ETBk grabatuko du eta ondoren telebistan emango da, hitzordu musikal hau museoko hormetatik haratago eramanez.
Zortzietan hasi eta ordu eta laurden iraungo du kontzertuak. Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Abesbatzaren indar koralarekin batera, bertan izango dira Antton Telleria (bateria), Antxon Sarasua (teklatuak), Ander Ederra (gitarra), Joanes Ederra (baxu elektrikoa), eta Bea Asurmendi kantautorea (Asurmendi Giovanni Cresseri baxu jotzailearekin batera ariko da). Kontzertuaren dramaturgia osatzeko, Idoia Jauregi kazetariak Arestiren olerkiak irakurriko ditu.
Urtea amaitu orduko, gainera, beste bi kontzertu emango dira: abenduaren 4an (BBK Aretoan, 19:00etan): Aresti mug(h)arri pieza eszenikoa (musika eta errezitala), Joxan Goikoetxea zuzendariak atonduta, eta abenduaren 10ean (Arriaga Antzokian): Bilboko Koral Elkartearen kontzertua.