Erradiografia
Palestinak behar luke aurretik, eta guk atzetik... Nork nola atera nahi du argazkian? Klik. Erradiografia. Minutu erdian. Biriken pentsamenduraino
Erradiografia gelan. Gerritik gora biluzik. Paperezko gorputz-tapaki bat gainetik jarrita. Jantzita esatea gehitxo esatea izango da. Ez dakit garbitasun kontua den. Segurtasun kontua. Edo biluztasun kontua. Pentsatzen dut gizonezkoek ere janzten duzuela minutu batean zabor bihurtzen den batatxoa. Ez ote da gela itxi eta bakarti batean titiak estaltzeagatik izango. Klik. Ez ote da inor gureei begira geratuko.
Klik. Beste norabait doa argazkiaren indarra. Barruraino. Biriketaraino. Ahal balu biriken pentsamenduraino. Eta hortxe entretenimendua. Eta saltsa. Biriken pentsamenduan. Lasaitzeko arnasa hartzen dugun bakoitzean buruak kakalardoak ekoizten baititu, kakalardoak kaka-pilan eta norakorik gabe. Adibidez, greba deialdien bezperetan. Beti antzeratsu gertatzen da. Oraingoa ez da salbuespena izan. Halaxe harrapatu nau urriaren 15aren bezperak. Zorabiatuta. Kezkaz betea, zalantzek itoa eta haserre. Eta ezin burutik haizatu telebistan duela bost egun ikusi nuen emakumea.
Astearte gauetan idazten dut artikulu hau. Egun batzuk beranduago argitaratzen da. Tartean asteazkena. Tartean urriak 15. Ez dakit zer gertatuko den. Idatzi, testuinguru hipotetikoan baino ezin dut idatzi. Aurreko egunetan gertatzen ari denaren jakitun naizen arren, hau idazterako. Tamalez, ezer berririk ez. Ezta Palestinan bizitzen ari diren injustizia neurrigabearen kontra egiteko ere. Ez dago adostasun bateraturik. Beti ditugu bereizi nahi ditugun ziztadak eta zaztadak.
Klik. Erradiografia. Biriken pentsamenduraino. Horrelaxe dago nire zurrunbiloa eztul eta eztul artean erradiografia-argazkia atera didanak irakurri nahiko balu: Euskal Herria, Espainia, ezeren gainetik bereizita doazela nabari dadila, lehenengo hori eta gero Palestina, ikasleak, irakasleak, deialdi bat, bi deialdi, 2, 3, 4, 5 ordu, egun osoa, zuk bai, hark ez, hark zergatik ez?, zuk zergatik bai?, erresistentzia, suntsitu, manifestazio ondorengo potea, erresistentzia eskatuko diegu oihuka, eta guk topa, Trump, bake-hitzarmena, orain zer?, egin beharko nuke, zergatik egin behar dut?, deialdiak berandu, deialdiak erdizka, zergatik atera zen jendea aurrekoan manifestaziotik?, Palestinak behar luke aurretik, eta guk atzetik... Nork nola atera nahi du argazkian?
Klik. Erradiografia. Minutu erdian. Biriken pentsamenduraino. Eta nik ezin dut burutik haizatu telebistan duela bost egun ikusi nuen emakumea, Gazan bere bizitoki izandakora itzuli eta harri-hauts ezereztatuen artean desagertutako bere etxearen bila noraezean zebilena.