Ekipajez arin
Machadoren heriotza. Soiltasuna, argitasuna eta sakontasuna ziren bere poesiaren ezaugarri nagusienak
Heriotzatik hasiko naiz, Antonio Machadok Glosa poeman Jorge Manriqueri egin zion omenalditik: «Nuestras vidas son los ríos / que van a dar a la mar, / que es el morir». Jakina den bezala, Colliouren hil zen Machado, negu betean, poemako itsaso horretara zeraman deserriko bide malkartsuan, birika-minak jota. Bitxiki, Bougnol-Quintana hotelean hartu zuen ostatu, itsasoaren eta Douy ibaiaren erdibidean. Profetikoa izan zen, halaber, 'Retrato' poemako bere azken ahapaldia: «Y cuando llegue el día del último viaje / y esté al partir la nave que nunca ha de tornar, / me encontraréis a bordo ligero de equipaje, / casi desnudo, como los hijos de la mar». Eta hala izan zen. Ekipajez arin heldu zen Colliourera, senide gutxi batzuen konpainian, muga ahal zuen moduan atzean utzita, izu-ihesean. Bere paperak gordetzen zituen maleta Portboun utzi behar izan zuen, bera eta bere familia zeramatzan ibilgailuan. Eta dirurik eta ia janztekorik gabe hil zen, arrantzale herrixka baten itsasertzean, Mediterraneoko paraje eta argirik ederrenetako baten gerizpean, ez hain abegikorra gure poetarentzat 1939 hartan. Eta hantxe dago lurperatuta, Errepublika gogora dakarten hornigarriz, gutunez eta banderez josia, oraindik ere. Leonorrengandik urruti, nahiz eta behin baino gehiagotan adierazi zuen haren ondoan lurperatzea nahi zuela, Sorian. «Eraman nazazue Duerotik hurbil», idatzi zuen bere zirriborroetako batean. Baita Guiomarrengandik urruti ere. Edota hainbatetan ibilera-lagun izan zuen Manuel anaiarengandik ere, zeinak nazionalen alde jarri behar izan baitzuen bere idazteko artea.
Poeta bihurtu zuen herrialdean hil zen Machado, Frantzian. Eta frantsesa irakastetik atera zuen bizimodua (Sorian aurrena, Baezan eta Segovian hurrena). Gaztetan bere anaia Manuelekin joan zen Parisera (Barojarekin topo egin zuen bertan, 'dreyfusistaz' eta 'antidreyfusistaz' betetako giro liskartsuan), eta han deskubritu zuen Verlaineren eta sinbolisten poesia. Ordurako, poeta zen Manuel; ez, ordea, Antonio. Antzezle lanetan eta orduko Madrilgo giro bohemioan ibilia, Parisetik bueltan erabaki zuen poemak idazten hastea. Gero, noski, Rubén Daríoren eragina izan zuen, baita Unamunorena, Bergsonena eta Tolstoirena ere, familiatik zetorkion ondare folklorikoa ahaztu gabe. Hura ezagutu zutenek beti azpimarratzen zuten poetaren garaiera eta itxura garbi baina narrasa: lepoa lotu gabe, kordoiak erdi aske, sorbalda gainean hauts geruza bat zeramala: erretzaile porrokatuaren zigarroen errautsa, giza izaeraren arintasunaren metafora berokian ondo josita eramango balu bezala.
Nitasunetik eta intimitatetik hasi zen idazten. Bere lehen liburua, 'Soledades', haurtzaroz, iturriz eta malenkoniaz blaituta dago. Hortik aurrera, poetak bere bide eta bilakaera propioari ekin zion, nitik besteengana, artifiziotik eta hitz-joko distiratsu bezain antzuetatik urrunduz, min partekatu baten ahots poetikoa izan nahian. «Gehiegizko subjektibismoren ondorioz, ezinezkoa da hurkoarengana heltzea», zioen Machadok (eta idazkeran ez ezik, bizitzan ere eskuzabal jokatu zuen idazle lagunekin eta poeta gazteagoekin, nahiz azken hauen iruditeria nahasi eta irudimentsuarekin gehiegi bat ez etorri). Soiltasuna, argitasuna eta sakontasuna ziren bere poesiaren ezaugarri nagusienak. 'Campos de Castilla' dugu bilakaera horren adibide nabarmenenena. Eginahal horretan, filosofiarantz lerratzen joan zen gero eta gehiago; hots, poesia sekula begien bistatik galdu gabe, eta bidelagun izan zituen Juan de Mairena edo Abel Martín bezalako heteronimoak. Beharbada, horregatik zioen benetako poesia oinarrizko hitza zela denboran.
Honela definitu zuen María Zambranok: «Poeta, antzinakoa eta gaurkoa; herri oso baten poeta, eta harekin batera doa osorik». Osorik hil zen Errepublikari emana, eta osorik poeta. Eta poesia ulertzeko zuen moduagatik izan da horren maitatua. Gaur betetzen da, hain zuzen ere, haren jaiotzaren mendeurrena. Sevillako patio baten haur garaiko oroitzapenetik Frantziako kostaldeko herri txiki bateko deserriaren itsasora. Ekipajez arin, ondarez oparo.