Borrar

Miércoles, 5 de febrero 2020, 16:19

Milia batzuk kurritu genituen Drake zeharkaldian harik eta goiz batean Antartidako lehen espektroak harrera egin zigun arte. Goizeko 05.00etan altxatu eta kanpoaldera ateratzean zur eta lur lotu nintzen. Lainotuta zegoen ingurua eta elurra egiten ari zen. Elur-malutak lodiak ziren eta abiadura motelean pausatzen ziren nire buruan. Ezkerraldeko eremu osoa inoiz ikusi dudan izozmendirik handienak hartuta zuen. Nire begirada bertan izoztu zen. Itzelezko bolumena zuen eta zuritasuna grisagoa zen, agian lainoaren kolorea kutsatua zuelako. Izugarria, eta era berean, beldurgarria. Aurrera begiratuz gero Melchior irlak ikusten ziren. Mantsoki haien arteko badia batera abiarazi zuen kapitainak itsasontzia. Irlen arteko zintzurra mehea zen eta maniobrak zailak izan ziren. Barkuko amarreak burutu genituenean, paisaiaz gozatzen hasi ginen. Gainean, irla handia genuen. Itxaron barik gure trastuak atera genituen, eskiak, pioletak, sokak, eta beharrezkoa genuen material guztia. Luzatu barik, aldapan gora abiatu ginen lehen maldak deskubritzeko gozoz. Ikaragarria izan zen tontor txikira heltzea.

Gure aurretik mendiak eta mendiak baino ez ziren ikusten, eta inguruan Gerlache itsas-pasabidea. Lanbroak ez zuen ingurua erabat askatu nahi, eta horrexegatik, arratsaldeak sekulako argia eskaini zigun. Ilunabarraren okre guztiak, itsasoaren distirarekin nahastu ziren, naturaren margolanik ederrenetakoa osatu arte.

Nekaturik heldu ginen itsasontzira berriz. Gabon-gaua zen, eta afari berezia zain genuen, etxeko gutiziekin horniturik. Oso bizia izan zen lehen lehorreratze hura, eta hurrengo egunetako balizko irudiek dar-dar berezia sortuko zigutelakoan, oheratu ginen.

Goizean itsasoratu ginen berriz eta espektakulua hasi zen. Irletatik urrundu ahala, beste itsas-adar batzuk agertzen ziren brankatik. Hortik ere lehen animaliak ikusi genituen: baleak, eta orkak. Pinguinoak ere ez ziren oso urrun ibiltzen. Ordu batzuen buruan, Orne izeneko badiaren atean geunden. Hantxe genuen geure lehen erronka alpinistikoa: Dedo Peak. Eguerdi aldean heldu eta gero, ibilaldirako jantzi ginen. Aurrean Spigot Peak txikia genuen. Gerlache gainean sekulako talaia da hori. Bidean gora gindoazela, barbijo pinguinoekin topatu ginen. Bertan zeuden guztiak, kumeak noiz jaioko zain.

Iluntasunik ez duen gauean heldu ginen tontorrera, argitasun sepia batez blaiturik. Geure azpian, badian, xibarta baleak ikusten genituen koreografia magikoan. Isiltasuna gelatinazkoa zen. Uki zitekeen.

Antartidak eszenografia itzelarekin hartu gintuen, eta bere edertasun estrategi guztiak erakutsi zizkigun. Baina hurrengo egunean, eskalada potente bat egin nahi genuenean, dena aldatu zen eta eguraldi oso txarrak, haizearen ufadek, eta izozmendien mehatxuak beste egoera arriskugarriago bat sortu zuten. Iceberg haiek barkuaren kaskoa ferekatzen zuten soinu klaustrofobikoa eginez. Kapitainak handik ospa egin behar genuela esan zigunean, lasaitu ederra hartu genuen guztiok.

Baina eskaladak aurretik genituen. Oraindik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Antartidako Bitakora (II)