Bizkaia Everesten duela 25 urte
Espedicion Bizkaia Medio Ambiente Everest-97. Hura zen izena, eta handik hona, 25 urte pasatu dira. Erraz esaten da, baina egia da, «edozein zaldik baino arinago egiten du ihes denborak», esan zuen poetak.
Eta urte hauek guztiak eta bere bolumena ondo ospatzeko, espedizio hartan ibili ginenok juntatu gara duela gutxi.
Lehen inpresioa? Ez garela asko aldatu, zimurrak nabariagoak diren arren, eta argazkietan gazte batzuk ikusten ditugun arren. Bigarren inpresioa? Mendian jarraitu dugula guztiok, aktibitate maila interesgarria egiten, eta zorionez, guztiok ez dugula desgraziarik jaso. Hots, lagun guztiak bizirik gaude. Hirugarren inpresioa? Oroitzapenak aletzen hasiz gero, asko eta asko ez ditugula gogoratzen (je, je)
Beste garai batzuk ziren, eta Everest ez zen sasoi hauetan saltzen dena. Han frantses batzuekin juntatu ginen. Korearrak eta japoniarrak agertu ziren gero. Eguraldia oso kaxkarra izan zen. 7000 metrora heldu ginen dezente kostata, eta izozketa batzuk pairaturik. Bereziki gomutan ditut azken egunetako haize zurrunbiloak, airetik dena eramaten.
Dena ez zen nahi genuen bezala atera, baina zituen helburuengatik espedizio interesgarria osatu genuen. Alde batetik Bizkaia jarri nahi genuen gailurrean, artean bere ikurra ez zen inongo mendi alturik izan eta aukera ederra iruditu zitzaigun. Horretaz gain, alde zientifiko argia generaman. Nola bizi daiteke gizon bat garai haietan? Nola eragiten du altuerak garunaren bizi-funtzio batzuetan? Zer aldaketa morfologiko, fisiologiko eta patologiko gertatzen dira? Aldaketa sakonak al daude? Gai horiek eta beste asko aztertzeko eta ikertzeko arrazoi izan ziren, espedizioak mendi handi haren maldetan burutu nahi zuen helburu mediko-zientifikoaren barruan. Horretarako mediku-talde espezializatu bat joan zen, gizakia sakonki ezagutzen lagunduko duten ondorioak eta emaitzak ateratzeko lan egin zuena.
Helburu ekologiko bat ere eraman genuen. Himalaia, bere mendiak, eta Everest mendia bereziki, abenturaren sinbolo bezala gizateriaren ondare ukaezinak dira, baina bere degradazioa gero eta handiagoa da. Hala, munduko paisaia-ondare hori babesten saiatu ginen Everesteko kanpamentu nagusia eta bere inguruak zenbait urtez metatutako zaborra garbitzen. Ia mila kilo zabor atera genuen.
Eta azkenik, espedizio haren egunerokoa lau haizetara, eta in situ zabaltzeko konpromisoa hartu genuen. Eta horren ondorioz, toki hartatik gertatzen zirenak zabaltzen lehen espedizioetako bat izan zen gurea. Azpimarratu behar da artean Estatuko espedizio bakar batek ere ez zuela mendi beretik argazki-irudirik transmititu. Beraz, Bizkaiko espedizioa zorionekoa izan zen, arrakasta osoz eta prentsa-irakurle askorentzat harrigarria den emaitza batekin argazkiak ia berehala bidaltzea lortu zuelako, argazkiak atera eta denbora gutxira. Bizkaia Medio Ambiente Everest 97 Espedizioak aurrerapauso garrantzitsua eman zuen alor honetako denborei aurrea hartuz. Beraz, arazo asko izan genituen arren, helburua lortu genuen bizipen kolektibo bat eginez.
Mendizale taldea honako hauek osatu genuen: Alberto Posada Alonso, Fernando Rubio García, Koldo Orbegozo Etxebarría, Juan Ramon Madariaga, Guillermo Bañales, Javier Mugarra eta Ignacio Ruiz Peribañez. Horiez gain Kepa Lizarraga medikua, Mariano Molinero garbiketan aditua, eta Santi Yaniz argazkilaria ere bildu ziren.
Diogun moduan, urte asko pasatu dira eta oroitzapenak gero eta solteagoak ditugu, baina batzuk, ez dira inoiz ere gure memoriatik borratuko: Iñaki Ochoa de Olzarekin pasatutako egunak eta jan genuen pernil goxoa; gure kanpamentu nagusiraino heldu zen elur-jausi munstroa; galaziarrean zehar jarritako eskailerak pasatzean sentitzen genuen beldurra; sherpekin izandako laguntasuna; medikuak egindako operazio odoltsuak; koka-kolak saltzera bisitan etortzen ziren zama-eramaileak; gorako saioetan botatako izerdia eta pasatutako hotza; eta azken uneko dezepzioa, betikoa, mendiaren legea apurtezina delako.
Azken egunetan, eta Katmandun Miss Holley emakume serioarekin batu ginen, eta ea inork lortu ote zuen puntara igotzea galdetu genion: «Inor ez; aurten ez iparraldetik ez hegoaldetik, inor ez da iritsi Everesteko gailurrera. Hurbilen egon zena Jean Troillet suitzarra izan zen, 8.500 metrotik igaro baitzen justu-justu; hamar espedizioetatik beste inor ez zen iritsi garaiera horretara ere. Alpinista korear batek bizia galdu zuen mendiaren alde hartan. Oso udazken txarra izan da », baieztatu zuen adituak.
Etxera bueltatu ginenok, afari ederraren bueltan izan ginen duela egun batzuk, hauek eta beste batzuk gogorarazten; eta era berean oraindik amets asko baditugula baieztatzen.