Xabi Ricok jantziko dio txapela aurtengo Arabako Bertsolari txapeldunari
Txapelketa hau hasi zela 40 urte betetzen diren honetan, edizio hartan oholtzan izan genuen bertsolarietako bat dugu Rico, baita 80ko hamarkadan Arabako lehen bertso-eskolen sortzaile eta bultzatzailea ere
Leire Larrazabal
Asteartea, 12 martxoa 2024, 18:17
Hurrengo larunbatean, martxoaren 16an, 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako finala ospatuko da Gasteizko Printzipal Antzokian. Oholtzan izango ditugu txapela janzteko prest: Peru Abarrategi, Manex Agirre, Paula Amiburu, Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi eta Iñaki Viñaspre. Horietako bat izango dugu garaile nagusia. Eta nork izango du txapela jartzeko ohore hori? Xabi Ricori egokitu zaio.
Nor dugu Rico? Arabako Txapelketa hasi zela 40 urte betetzen diren honetan, edizio hartan abestu zuen bertsolarietako bat dugu. Ez hori bakarrik, 80ko hamarkadan Arabako lehen bertso-eskolen sortzaile eta bultzatzaile ere bada. Euskara etxean jaso ez bazuen ere, 26 urterekin euskaldundu zen eta 1981ean sortu zion bertsoak zirrara, Xabier Amurizaren gidaritzapean UEUko bertsolaritza ikastaroan parte hartu zuenean. Ikastarotik bueltan arabar gazte talde batek Abel Enbeitaren atera jo zuten bertsotan ikasteko asmoz.
Horrela, 1982an Abel Enbeita, Rikardo Gonzalez de Durana, Patxi Aizpurua eta beste batzuekin batera Gasteizko Bertso-Eskola sortu zuten. 1980-1990 urteen bueltan, hamarkada oso bat eman zuen bertso eskolako irakasle modura eta Arabako hainbat sariketa eta txapelketetan parte hartu du bertsolari gisa gehienbat, baina baita epaile, gai-jartzaile, biltzaile edota antolatzaile gisara ere.
Modu horretan, Arabako Bertsozale Elkarteak orain 40 urte txapelketako plazari hasiera eman zion Xabi Ricori aitortza egin nahi dio eskerrak eman egindako ibilbide eta lanagatik. Beraz, datorren martxoaren 16an momentu bereziaz gozatuko dute 2024ko txapeldunak zein Ricok ere.