Chris Paulen Clipperra itsasora itzuliko da
Beti izar eta inoiz ez txapeldun, antolatzailea Clippers taldean buetan da NBAn bere 21. denboraldia betetzeko
Bere azken urtea? Baietz esan behar. 39 urterekin, Chris Paul berriz itzuliko da Kaliforniara, bere azken denboraldietako bat jokatzeko asmoz. Clippers zaleek irribarrez hartu dute albistea: ikono bat bueltan da. NBAko zaleek ez dute ahazten Chris Paul-en ibilbidea Los Angeles Clippers taldean. Antolatzailea 'Lob City' aroko liderra zenean.
'Lob City' izendapenak 2011tik 2017ra bitarteko Los Angeles Clippers taldeari egiten dio erreferentzia, Chris Paul-ekin batera Blake Griffin eta DeAndre Jordan jokalari nagusi izan zituztenean. Izena Griffin-i egindako lehen pase altu ikusgarri baten ondoren sortu zen, Paul-ekin entrenamenduetan. Talde honek NBAko ikusgarrienetako bat bihurtu zuen Clippers: aireko paseak (alley-oops), mate ikusgarriak eta joko bizkorra izan ziren euren marka. Nahiz eta titulurik lortu ez, 'Lob City' aroak taldearen irudia erabat aldatu zuen, eta Clippers NBAko goi mailako talde bilakatu zen lehen aldiz historian. Aro horrek zale berriak ekarri zituen eta erakutsi zuen Clippers ez zela soilik Lakers-en itzalean bizi behar.
Chris Paul-en ibilbidea arrakastaz beteta egon arren, beti egon da zerbait faltan: NBAko eraztuna. Historian zehar talde indartsuetan jokatu duen arren, beti gelditu da garaipenaren atarian. 2018an, Houston Rockets-ekin, Golden State Warriors boteretsuaren aurka 3-2 aurretik zihoazela lesio batek kanporaketatik at utzi zuen eta taldeak ezin izan zuen finalera iritsi. 2021ean, Phoenix Suns-ekin NBA Finaletara iritsi zen lehen aldiz, baina Giannis Antetokounmpo-ren Milwaukee Bucks-en aurka 2-0ko abantaila galdu zuten. Clippers garaian, taldeak potentzial handia zuen, baina beti trabatzen ziren playoffetan, gehienetan lesioek edo une erabakigarrietako porrotek zapuztuta. Oklahomako sasoi batean, gazte talde batekin playoffetara iristea lortu zuen, baina ezin izan zuen lehen erronda gainditu. Warriors-ekin azken urtean, titulurako hautagai ziren hasieran, baina rotazioan gero eta pisu txikiagoa izan zuen eta berriro ez zen helmugara iritsi. Paul-entzat, «madarikazio» moduko bat bihurtu da: talde indartsuak, une handiak, baina beti zerbait faltan azken urratsean.
Chris Paulek 2005ean egin zuen debuta NBAan, New Orleans Hornets taldearekin. Berehala bihurtu zen ligako base onenetakoa. Jokoz kanpo ikusmena, pase zehatza eta defentsarako grina izan dira bere ezaugarri nagusiak.
2011n, polemika handiko truke baten ondoren, Clippers-era iritsi zen. NBAk bertan behera utzi zuen lehenik Lakers-ekin zuen akordioa, baina Clippers-ekin sinatu zuen azkenik. Ondoren, 2017an, Houston Rockets-era joan zen, James Hardenekin batera. Hurrengo geldialdiak izan ziren Oklahoma City Thunder, Phoenix Suns (2021ean finalera iritsi zen), eta azkenik Golden State Warriors, non jokatzeko espazioa gero eta txikiagoa izan duen.
21 urtez ligako jokalari eraginkorrenetakoa izan da: 11 aldiz All-Star, 4 aldiz asistentzia-lider eta 6 aldiz baloi-lapurreta-lider. Orain, bere ibilbide oparoaren azken atala hastear dago. Angelen bueltan, zaleen berotasunean eta esperientziaz beterik, Chris Paulek agur dotorea eman nahi dio NBAko historiako base handienetako bati dagokion moduan.