'Plazatik bizitzea: bertsolaritzaren B aldea', 'Hitzetik Hortzera'n
Saioa ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai larunbatean, 21.00etan, eta igandean, 15.00etan
Zurekin
Ostirala, 18 abendua 2020, 19:53
Errepide ondoan dagoen Elgoibarko Usatorre tabernan elkartu da aste honetako 'Hitzetik Hortzera' saioa Miren Amurizarekin eta Andoni Egañarekin, bertsolarien ohiko elkarlekuetako batean. Saioa ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai larunbatean, 21.00etan, eta igandean 15.00etan, eta, bertan, ikusten ez diren auto bidaiak, ordutegiak, fakturak, agenda hutsen ezinegona, hots, oholtzatik kanpoko mila faktoreri buruz jardungo dute. Horiek eta askoz gehiagok osatzen dute, sarri ikusten eta gogoratzen ez dugun arren, bertsolariaren zati garrantzitsu bat.
Kontuan izan behar da sormenera eta bertsotara emandako bizimodua ez dela erraza: oreka, osasuna, egiten duzuna gustatzea eta sakrifizio handiak egin behar izatea ezinbesteko osagaiak izaten dira. Bakoitzak bere bidea eta bere hautuak egin baditu ere, ondo ezagutzen dituzte lanbide horren ertzak Amurizak eta Egañak.
Aramaiotik Bergarara
Era guztietako bertso eta bertsoaldiak ere ez dira faltako 'Hitzetik Hortzera'n. Aramaioko bertso-eskolak bertso trama bat antolatu zuen azaroan. Bertsolari bakoitzari paper bat esleitu zitzaion, eta rol horretatik kantatu behar izan zuten saio osoan: Aramaioko taberna huts bateko mamuak izatea egokitu zitzaien.
Bestalde, Bergarako Kartzela Zaharreko saioko bertsoaldirik onenak ere izango dira entzungai. Hango Kopla Barik bertso-eskolako kideek Maialen Lujanbiok 2019an Bergaran bertan kantatutako bakarkakoa ekarri dute gogora.
Interesa baduz, beraz, jakin ezazu 'Hitzetik Hortzera' larunbatean, 21.00etan, eta igandean, 15.00etan, izango dela ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en.