Naila Kiani, 8.000 metroko mendi guztiak igotzea lortuko dituen lehen emakume pakistandarra
Albiste onak heldu dira Pakistanetik. Onak eta pozgarriak emakumearen ahalduntzearen aldetik, bai behintzat
Ezaguna da Pakistan herriak emakumeak jasaten duen maila guztietako indarkeria. Bertako Gobernuak 1996an Emakumeen aurkako Diskriminazio Mota Guztiak Ezabatzeko Nazio Batuen Hitzarmena onartu zuen, emakumeen aurkako praktika diskriminatzaileak amaitzeko konpromisoa hartuz. Hurrengo urtean, Amnesty International-ek txosten bat argitaratu zuen, eta bertan adierazi zuen «berrespenaren urtebetera ez zela neurri eraginkorrik hartu emakumeen aurkako diskriminazioa amaitzeko eta haien giza eskubideak babesteko».
XXI. mendean, emakumeentzat diskriminatzaileenak diren lege islamista batzuk indargabetu diren arren, eta emakumeen egoera hobetzeko politika batzuk ere aurrera atera diren arren, errealitatea bestelako da. Emakumea oso diskriminaturik egon da gizartearen arlo guztietan: lanean, hezkuntzan, osasunaren eremuan, justizian edo ekonomian. Landa-eremu batzuetan are gehiago, bertako gizonek emakumeen hezkuntza denbora galtzea dela pentsatzen baitute. Gainera, toki batzuetan emakumeentzat eskola gutxi dago, eta batzuetan islamismo erradikala emakumeen eskolatzearen aurka agertzen da.
Emakume pakistandarren egoerari dagokionez esan daiteke azken urteotan ia arlo guztietan izan diren aurrerapenak nahiko apalak eta eskasak izan direla.
Horrexegatik, kirol munduan, eta Pakistanen, emakume batek 8.000 metroko mendi guztiak igotzea oso garrantzizko kontua izango da. Bere izena, Naila Kiani da.
Seguruenik figura erreferente bilakatuko da bertako neska askorentzat.
Kianik Kangchenjunga, bere 12. Zortzimilakoa, joan den udaberrian igo zuen. Udazkenerako dituen planak baieztatu ez dituen arren, Shisha Pangma eta Dhaulagiri igotzeko asmoa du 8.000 metroko zerrenda osatzeko. Hortaz, alturako igoera guztiak egingo lituzkeen lehen emakume pakistandarra izateko bidean da.
Mendia errespetatzen du eta inguru hartan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzen ere aritu da inoiz. Adibidez, Karakorumeko mediku-dispentsario mugikor bat sortu du eta mendiko erreskateetarako helikoptero-protokoloen aldaketa berria ere sortu du. Horretarako Armadako jenerala den Irfan Arshad Pakistango Alpine Club-eko presidente berriarekin bilera egin zuen protokoloak aldatzeko, eta lortu du.
Argi dago bere eragina gailurretatik haratago doala. Zorte on, Naila!