Miren Amuriza da Bizkaiko Bertso Finalerako sailkatutako lehena
Berrizen jokatutako finalaurrekoan gailendu da Amuriza, eta finalera sailkatu da zuzenean. Hilaren 25ean egingo da hurrengo kanporaketa: Igorreko udal kiroldegian lehiatuko dira Beñat Ugartetxea Ostolaza, Eneko Abasolo Txabarri 'Abarkas', Malen Amenabar Larrañaga, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas eta Onintza Enbeita Maguregi
Amalia Ibargutxi
Astelehena, 19 azaroa 2018, 23:00
Miren Amuriza da Bizkaiko Bertso Finalerako sailkatu den lehen bertsolaria. Asteburuan jokatutako kanporaketa fasean, bere herrian gailendu da Amuriza, Berrizen. Herriko frontoia beteta, 650 lagunek ikusi dute lehenengo finalaurrekoa. Kantatu duten bertsolarien zerrenda osatzen dute Aitor Bizkarra Ruiz, Imanol Uria Albizuri, Julen Erezuma Arzanegi, Unai Mendiburu Valor eta Xabat Galletebeitia Abaroak.
Ariketa guztiak egin ostean, Miren Amurizak lortu du puntu gehien batzea, 515,5 puntu guztira. Eta horrela, abenduaren 15ean Bilbon jokatuko den finalerako txartela lortu du. Puntu gehien lortutako bertsolariak izan dira, hurrenez hurren, Galletebetia Abaroa (503,5), Bizkarra Ruiz (485,5), Uria Albizuri (479), Erezuma Arzanegi (464,5) eta Mendiburu Valor (460).
Berrizko finalaurrekoan gai-jartzaile beharretan aritu da Begoñe Olabarria Astobiza. Bestalde, epaimahaia osatu dute Ander Txakartegi Basterretxeak, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxak, Joseba Santxo Uriartek, Leire Etxebarria Gazteluk eta Mirari Azula Aurrekoetxeak eta Miriam Juaristi Urizarrek. Idazkaria Itziar Basterretxea Olarreaga izan da.
Amurizarekin batera zuzenean sailkatuko dira beste bi lagun, bi plazetan irabazi beharko dutenak. Lehenengo, hilaren 25ean, Igorreko udal kiroldegian izango dira Beñat Ugartetxea Ostolaza, Eneko Abasolo Txabarri 'Abarkas', Malen Amenabar Larrañaga, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas eta Onintza Enbeita Maguregi.
Lekeitioko Santi Brouard kiroldegian egingo dute hirugarren eta azken kanporaketa, abenduaren 1ean. Ander Elortegi Garatea, Arrate Illaro Etxebarria, Etxahun Lekue Etxebarria, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia, Jone Uria Albizuri eta Txaber Altube Sarrionandiari ariko dira kantuan. Bi saioak arratsaldeko 17:00etan izango dira.
Arabako kanporatzeak izango dira egingo dituzten hurrengoak, otsailaren 2an hasi eta martxoaren 30ean finala egin arte. Laster jakingo dira, baita ere, Gipuzkoako datorren urteko txapelketako hautagaiak eta txapelketako data zehatzak.