Kirmen Uribe eta New Yorkeko argi-ilunak
Pasa den astean, Kirmen Uribe idazlea JA! jaialdian aurkeztu eta elkarrizketatzeko ohorea izan nuen, EHUko Bizkaia Aretoan izan genuen solasaldian. Urte honetako literatura-ekitaldiak New Yorki eskaini dio arreta, eta Uribe bertan bizi da 2018az geroztik. Hiri erraldoi horrek ematen dion ikuspegia partekatu zuen gurekin, hitz zehatzekin eta anekdota zoragarriekin, akademiaren eta literaturaren mundu neoyorkotarrari buruz.
Elkarrizketan, publikoak eta nik neuk gozatu genuen Ondarruko idazleak marraztutako New Yorkez: kultur aniztasuna, inspirazio etengabea eta giro akademiko eta literario aparta. Kirmenek bertako unibertsitateetan irakasten du eta, aldi berean, idazteko eta bere proiektuak garatzeko denbora eskaintzen diote.
Hala ere, dena ez da urrea: garbi mintzatu zen ere hiriaren gogortasunaz. Alokairuak eta bizitzaren kostuak ikaragarriak dira, eta eguneroko erritmoa estresagarria izan daiteke. New Yorkek ez du barkatzen, baina hazten laguntzen du eta, horren ildora, Kirmenek aitortu zuen lo egiten ez duen hirian bizitzeak bere idazle trebetasuna eta kalitatea hobetu duela. Horretaz aparte, hiriaren benetako altxorra bere jendea da, kaleko newyorktarrak: zintzoak, adeitsuak eta laguntzeko prest daudenak. Horrek ematen dio arima hiriari, eta idazleak hori transmititu zuen pasioz.
Amaitzeko, plazer handia izan zen 'Maiatza' poema errezitatzen entzutea, solasaldiaren momenturik hunkigarriena eta ederrena. Euskaraz idatzitako obra horrek 'The New Yorker' aldizkariaren mendeurreneko antologia dotorean sartu da, euskal literatura mundu mailan kokatuz. Poema horrek, Ondarruko eta bere gaztaroko oroitzapenak uztartuz, gaur egungo iluntasunaren aurkako argia dirudi.
Kirmenek erakutsi zigun New York ez dela soilik amets fabrika, baizik eta kontrasteen hiria: gogorra, baina gizatiarra. Eta hori da literatura: errealitatea hitzetan biluztea.