'Kopla barik' izeneko bertso zirkuitua larunbatean abiaraziko dute
Egitasmo aitzindari honen bidez, Bertsozaleen Elkarteak plazak berriro ere bertsolari eta bertsozalez bete nahi ditu, kultura koronabirusak jota ere, segurua dela aldarrikatuz
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 21 urria 2020, 18:09
'Kopla barik' izeneko bertso zirkuitua larunbatean, urriaren 24an,abiaraziko dute. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Nagusia ospatuko ez denez, alternatiba bat bilatu nahi izan du Bizkaiko Bertsozaleen Elkarteak. Hori dela medio, egitasmo hori antolatzea erabaki dute. Izan ere, elkarteak nabarmendu duenez, euskal kulturaz gozatzeko momentu guztiak dira bereziak.
Ezohiko ekimen hau lau jardunaldik osatuko dute, hala nola, bertso saio musikatuak, bertso tramak, sariketak eta jaialdiak. Horren bitartez, Bizkaiko lurralde historikoko bertsozale ezberdinentzat aukera zabala eskaintzea bilatu dute.
Egitasmo aitzindari horren bidez, Bertsozaleen Elkarteak plazak berriro ere bertsolari eta bertsozalez bete nahi ditu, kultura koronabirusak jota ere, segurua dela aldarrikatuz. Hori dela bide, euskal osasun agintariek exijitzen dituzten osasun segurtasun protokolo zorrotzak beteko dituzte.
Larunbaten irekiko dute proiektua Mungiako Olalde aretoan, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Bertan saio musikatu bat egingo dute eta sei bertsolarik esku hartuko dute: Aitor Bizkarrak, Arrate Illarok, Ibon Ajuriagoeaskoak, Etxahun Lekuek, Malen Amenabarrek eta Nerea Ibarzabalek. Bertan gai-jartzaile lanetan Idoia Anzorandia egongo da, eta, musikaren girotze lanetan, berriz, Ixak Arruti eta Eneko Sierra.
Bigarren saioa, aldiz, bertso-trama delako bat izango da. Ekitaldi hori azaroaren 14an egingo da ordu berberean Igorreko Lasarte aretoan. Bertan beste sei bertsolarik parte hartuko dute: Jone Uriak, Txaber Altubek, Miren Amurizak, Unai Mendiburuk, Julen Arzanegik eta Eneko Abasolo Abarkasek. Emanaldi honetako tramagileak Lilibertso eskolako partaideak izango dira.
Era berean, azaroaren 28an Durangoko Plateruena antzokian sariketa antolatu dute, 19.00etatik aurrera. Jardunaldia ALBE Algortako Bertsolari Elkarteko kideek atonduko dute. Han beste sei bertsolari bizkaitar ibiliko dira bertsozaleak entretenitzen: Oihana Bartra, Ander Elortegi, Irune Basagoiti, Imanol Uria, Onintza Enbeita eta Xabier Galletebeitia.
Azkenik, abenduaren 20an Getxoko Muxikaberri antzokian egun arte Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazle izandako zortzi bertsolariak ariko dira nor baino nor oholtza gainean: Arkaitz Estiballes, Etxaun Lekue, Fredi eta Xabi Paia, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jon eta Onintza Enbeita. Gai-jartzaile lanetan Bizkaiko Txapelketetakoak ibiliko dira.
Lau ekitaldietarako sarrerak jada salgai daude. Hortaz, emanaldietara bertaratu nahi duen edonork jada eskuragarri dauzka bertsosarrerak.eus webgunean.