Karmengo jaiei soinua jarriko dien abestia sortzeko ideien bila dabiltza Amorebietan
Xabi Zabala musikagilea eta Andoni Egaña bertsolariak ariko dira Zelaieta Zentroan gaur, hiritarren proposamenak jasotzen
Nahikari Cayado
Osteguna, 6 otsaila 2020, 09:53
Karmengo jaiek beraien abesti propioa izango dute urte honetatik aurrera. Horrela erabaki dute, hain zuzen, Amorebieta-Etxanoko udaletik. Uztailean ematen diren ospakizunen doinu ofiziala izango dena, zornotzarrentzat eta zornotzarrez egina izango da. Horrexegatik hain zuzen, hitzordu berezia antolatu dute gaur ostegunerako, 20.15etatik aurrera, Zelaieta Zentroan. Bertan Xabier Zabala musikagilea eta Andoni Egaña bertsolari ezagunak ariko dira hiritarren proposamenak jasotzen.
Deialdia irekia izango da, eta herriaren parte sentitzen den edozein pertsona dago gonbidatuta bertan parte hartzera. Zabala musikaz eta erritmoaz arduratuko den bitartean, Egañak letra jarriko dio kantuari. Hori bai, bi artista hauek zornotzarrekin elkarlanean eratuko dute kantua. «Bakoitzak nahi duena proposa dezake abestian agertzeko. Letraren zati bat, erritmoa, herriko toki baten izena… denak balioko du», azaldu du kultura teknikaria den David Murillok.
Behin ideia eta proposamen guztiak jasota, bi musikari hauek bozeto bat sortuko dute. Abestia guztiz amaituta dagoenean aldiz, herriko abeslariak izango dira doinuari ahotsa jarriko dietenak. «Era horretan, Karmengo jaiek identitate propio handiagoa izango dute. Auzokideek egina bada eta zornotzarrek abesten badute, ezin izango da herrikoiagoa izan», azpimarratu du.
Ideia honen abiapuntua Bizkaiko hiriburuko jaietan izango litzateke. Bilbok Mari Jaiaren abestia daukan antzera, Amorebietak berea izango du. «Era honetan, gure festek osagai musikal bat izango dute», aditzera eman du Murillok. Zentzu honetan, aipatzekoa da herriak musikarekin daukan lotura.
Amorebieta-Etxanok bere himno propioa dauka, 'Aupa Gazteak' izenarekin ezagutzen dena. Gainera, udalerria hainbat musikagile eta kantautoreen sorterria da. Adibidez, eta batzuk aipatzekotan, Xabier Amuriza bertsolaria edota Mikel Urdangarin, besteak beste. Aipatzekoa da ere orain dela hilabete batzuk herri honek musika banda berreskuratu egin zuela, Zornotzako Musika Banda izenpean, eta Aritz Labrador zuzendariaren eskutik.
'Zor Hontza'
Era berean, eta beste herri batzuetako eredua jarraituz, aurten jaien pertsonaia bat izango du Amorebieta-Etxanoko herriak. Durangok 'Patxikotxu' daukan bezala, datorren uztaileko jaiek gaur sortuko den abestiaz gain, maskota berria estreinatuko du ere. Momentura arte azkeneko xehetasunak zeintzuk izango diren ezagutzera eman ez badira ere, pertsonaia nor izango den argi dago jada.
'Zor hontza' izeneko urdin koloreko hegaztia izango da, hain zuzen. Honen hautaketa lehiaketa bidez egin zen, pasaden urtean. Aurkeztutako hamar proposamenetatik Zigor Bilbao zornotzarrak diseinatutako hontza honek irabazi zuen sariketa. Bere historia eta berarekin lotuta antolatuko diren ekintza desberdinak datozen hilabeteetan emango dira ezagutzera.