Bilbo 1960
Arestiren omenaldi aroa hasi da. Baina gure bihotzean bere liburuak ere badaude
Gure kultur egutegian markatuta dago ekainaren 5eko eguna, Gabriel Arestiren heriotzaren data, Bilboko poeta handia gogoratzeko unea. Aurton, gainera, 41 urterekin joan zitzaigun idazlearen oroimen urtea dugu, hil zela 50 urte betetzen baitira.
Erakundeak enbor
Horrela, aste honetako prentsaurrekoan, Euskaltzaindiak, Gabriel Aresti katedrak eta Gabriel Aresti Fundazioak aurkeztuko dute poeta omentzeko prestatu dituzten ekitaldien zerrenda. Horien artean, udako ikastaro batean bere lana azaldu eta ikertuko da, 'Gabriel Arestiren mandatua' deituriko liburua argitaratuko, eta beste ekimen sorta luzea egingo dute.
Egia da hasi direla Arestiren omenaldiari eta oroimenari eskainitako ekitaldiak: Bilboko Udalak berriro jarri zuen Arestiren 'Kale Artean' («Ascaotik Sendejara» hitzekin hasten dena) poemaren plaka oso «mehar, ilun eta laburra» den Esperantza kalean. Beste alde batetik, EHKSk egun bakarreko programa ireki zuen Bilbon, goizerako euskararen egoerari buruzko hitzaldiak antolatu ziren eta arratsaldean 'Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean' antzezlana estreinatu zuten. Bizkaiko Foru Liburutegiak ere hitzaldi zikloa antolatu du 'Gabriel Arestiren aurpegi ani-tzak' izenburupean, poesia, komikia eta antzerkia aipatuz.
Baina, zalantzarik gabe, hiru kultur erakunde horiek gure kulturaren enbor dira.
Irakurketaren omenaldia
Askotan esaten dut horrelako omenaldiak egiteko aukeran testua dagoela bihotzean, testurik gabe ez dagoela poetarik, ezta omenaldirik ere. Eta horregatik itzuli naiz bere poemetara. Ekitaldi horiek heltzen diren bitartean, poetaren testuetara itzuli naiz eta niretzat behin eta berriz irakurtzen dudan poema irakurri du berriro, maite dudan poema.
Aspaldi txunditu ninduen 'Harri eta Herri' poema liburuan Gabriel Arestik argitaraturiko 'Souvenir d'Espagne pour Mesdemoiselles Solanje et Helena Gereziaga' testuak. Han dira lau pertsona Bilboko Arte Ederretako Museoan, Pinturaren Museoan, Arestik poeman deitzen dion moduan. Bilboko pertsona bi, burgesiaren ikurra den «kapela zuria zeraman gizona» eta poeta. Eta, agian, Iparraldetik etorritako ahizpa bi. Horregatik daramate «souvenir» bat etxera, baina ez turistek eramaten duten ohikoa, ez. Begien aurrean dutena eramango dute oroigarri, eta mingotsa da guztiz ikuspegi hori.
Aurkakotasunean oinarritu du poetak testua. Burgesa eta bera, gizonak eta emakumeak, ahizpak; hemengoak eta kanpokoak. Eta saminagoa dena, Museoa eta «Zer da hori?» galderak erakusten duen Bilbok bizi izan zuen bikoiztasuna. Aberastasuna, Museoa eta Jesuiten Unibertsitatea; eta pobrezia. «Ez, hangoa. Egurrezko etxe haek»: txabolak. Etxolak gaur egun Guggenheim dagoen tokian, kanpotik etorritakoak (poetak «Ijito» deitu dituenak) bizitzari eusten. Zubirik ez duen gizarte desberdintasunen amildegi pasaezina.
Urteen buruan ikasi dut Polikarpo Fernández Azkoagak mezu berbera eman zuela 'Bilbao?' (1960) deitu zuen pelikulan. Azkoagak ere zati bitan banandu zuen begien aurrean zuen Bilbo. 'Lo conocido' atalean Doña Casilda Parkeko Bilbo jarri zuen kamara aurrean: umeak jolasten , etxeko neskameak umeak zaintzen, larrosak eta kotxeak, Bilbo aberatsa. Eta 'Lo ignorado' atalean, aldiz, etxoletako Bilbo, txiroa eta tragikoa. Han ikusten dira umeak soinekorik gabe, etxolak ez argirik ez urik ez dutela, gizakiak etorkizunik gabe. Mundu bi hain hurbil ikusiz eta hain aurrez aurre jarriz, zuzenbide debekatuaren aurka bere kamera jasoz.
Bilbo bi aurrez aurre, edo, hobeto, lepoz lepo. Batak bestea ikusi ezinik. Begien aurrean zegoena isilaraziz, itsuarena eginez, ukatuz… Horixe izango da Solanje et Helena Gereziagak etxera eramango duten irudia, souvenirra.
Gabriel Arestik, ordea, etorkizuna hartu du kontutan, eta poema bukatzeko kopla zaharraren teknika erabili du, baina moldea alderatuz. Lehenik aipamen erreala, ondoren irudia. «Hurrutian entzuten zen trumoia./ Grekoa. Goia». Entzuten da trumoia, laster aldatuko da giroa. Laster da gure artean ekaitza, laster da egoera aldatuko duen iraultza.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.