Ireki dira Matienako ur jokoak, «bero handiko egunetarako irtenbiderik hoberena»
Txorrotak, ura jaurtitzen duten tunelak, behin betetzen direnean irauli egiten diren ur kuboak… Asko dira jolasgune freskagarriak eskaintzen dituen aukerak
NAHIKARI CAYADO
Abadiño
Astelehena, 27 uztaila 2020, 19:08
Kostata baina azkenean ireki dituzte Abadiñoko Matiena auzoko ur jokoak. Pasa den ostiraletik ari dira martxan 115 metro karratuko esparrua hartzen duten txorrotak, tunelak eta beste hainbat joko. Beso zabalik hartu dute auzokideek gune berri eta freskagarri hori, are gehiago kontuan hartuta Astolako igerilekuek itxita jarraitzen dutela oraindik. «Oso aukera bikaina da hau haurrak freskatzeko, ikaragarri ondo pasatzen dute bertan», dio bertako bizilagun batek. Bere biloba bertara eraman zuen astelehen goizean, eta «aspertu gabe hara eta hona» ibili zela zioen. «Bero handiko egunetarako irtenbiderik hoberena da», baieztatu zuen emakumeak.
Ez da gutxiagorako, Galizia plazan kokaturiko esparruak hamaika jarduera batzen ditu. Lurretik irtetzen diren ur txorrotak, ura jaurtitzen duten tunelak, behin betetzen direnean irauli egiten diren ur kuboak… Etxeko txikienek ez daukate aspertzeko unerik Matienan.
Jokoak erabiltzea guztiz doakoa da eta irailaren 17ra bitartean egongo dira zabalik, astelehenetik igandera bitartean. Ordutegia ondorengoa izango da: Goizean 10.00etatik eguerdiko 14.00etara, eta arratsaldean, aldiz, 16.00etatik 20.00etara.
Hasiera batean Udaleko iturriek adierazi zutenez, aforoa kontrolatzeko beharrezkoa da aurretik txanda eskatzea. Asteko egunetan joan nahi duenak aurreko egunean hartu beharko du hitzordua; asteburuan joan nahi duenak, aldiz, ostiralean. Hala ere, Matienako auzotar honek dioenez, «barruan dauden umeen kopurua txikia baldin bada sartzen uzten dizute, emakume bat dago une oro aforo kontua kontrolatzen», argitu du. Hala eta guztiz ere, uztailean txanda erreserbatu nahi duenak Matienako Errota Kultur Etxera deituta -944669416- egin ahal izango du. Abuztuan, aldiz, Udal Mediatekara hots egin beharko da, 946813415 zenbakira.