Igor Elortzak eta Rafa Ruedak kontzertu bat eskainiko dute Igorren
'Anonyme Popular' diskoko obrak egongo dira ikus eta entzungai, maiatzaren 6an Lasarte Aretoan izango den ikus-entzunezkoan
Mikel Garcia
Miércoles, 3 de mayo 2023, 17:05
Igor Elortza eta Rafa Rueda Igorren arituko dira maiatzaren 6an. Zehazki, 'Anonyme Popular' ikus entzunezko proiektuko piezak eskainiko dituzte Lasarte Aretoan, eta ikuskizuna 20.00etan hasiko da.
Elortzak sortu ditu batzuetan sakonak eta besteetan arinak diren euskal gizarteaz mintzo diren bertso hauek. Gizabanakoaz eta jendeaz hitz egiten du, maitasunaz eta desioaz, gizakiaz, gizonez eta feminismoaz, euskaldunen iragan hurbilaz eta orainaldi urrunaz, eta eguneroko desio eta ezintasunez. Ruedak, berriz, melodia eta soinuak sortu ditu, non Elortzaren hitzak rap, trap, pop eta funky erritmoekin apaintzen dituen.
2021ean, Elortzak eszenatokietatik erretiratzea erabaki zuen atseden hartzeko, eta, pandemiagatik gizartea hain baldintzatuta bizi zen garai hartan, egoera eta giro horri buruzko bertso sorta bat idazten hasi zen. Ondoren, Rafa Ruedak eta Azpeitiko Kulturaz kooperatibako ikus entzunezko kontalariek bertso hauei musika eta irudiak jarri zizkieten. Horrela jaio zen 'Anonyme Popular' proiektua.
Bertsoak, musika eta ikus entzunezkoak dira honetan protagonistak. Azkeneko horiek inguru hurbilean murgiltzen ditu ikuslea, Euskal Herriko leku ezagunak agertzen baitira. Horrekin batera, egileek hitzekin, doinuekin eta irudiekin jolasten dute. Zuzeneko emanaldia Azpeitiko Kulturaz kooperatibaren ikus entzunezko irudiekin osatuko da, besteak beste, giza paisaiak eta hiri paisaiak ikusi ahal izango direlarik.