Finalean egongo diren zortzi bertsolarien izenak jakingo ditugu asteburuan
Finalaurrekoetako bi bueltetako puntuazioen batuketak erabakiko du Markinan zein zortzi bertsolarik lortu duten puntuaziorik altuena eta, beraz, finalerako sailkapena
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa azken finalaurrekora heldu da, Aitor Bizkarra eta Aitor Etxebarriazarraga joan den asteburuan Bermeoko Artza pilotaleko saioan finalean sartu ondoren. Larunbat honetan, azaroaren 22an, finalaren aurreko azkenengo hitzordua izango da, Markina-Xemeingo Uni frontoian, arratsaldeko 17.00etan.
Saioa bukatzearekin bat, finalera sailkatutakoen zerrenda osoa ezagutuko dugu. Izan ere, finalaurrekoetako bi bueltetako puntuazioen batuketak erabakiko du zein zortzi bertsolarik lortu duten puntuaziorik altuena eta, beraz, abenduaren 20an Bilboko Casillan ospatuko den finalerako sailkapena.
Saioan, sei bertsolari hauek arituko dira: Gorka Pagonabarraga Agorria, Imanol Uria Albizuri, Jone Uria Albizuri, Oihana Bartra Arenas, Txaber Altube Sarrionandia eta Xabat Galletebeitia Abaroa.
Gai-jartzaile beharretan,bestalde, Zihara Enbeita Gardoki arituko da. Eta epaile jardunetan hauek izango dira: Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Garazi Mendoza Agirre, Jurgi Fuentes Goikoetxea, Marta Ortiz Mateo, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar. Itziar Basterretxea Olarreaga izango da saioaren idazkaria.
Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian, eta saioaren egunean oraindik sarrerarik balego, Uni frontoiko txarteldegian egongo dira, 16:00etatik aurrera.