Borrar
Itamar Even-Zohar irakaslea, Bilbon egindako elkarrizketa batean. EL CORREO
Territorios

Even-Zohar, Palestinan hebrear kulturaren eraikuntza ikertu zuen behatzaile zolia

Joxeme Lopez de Arana

Larunbata, 4 urria 2025, 00:17

Comenta

Sakontasun handikoa izanik ere, Even-Zohar irakaslearen lana Genette-rena baino errazagoa da jabetzen, eta, horrenbestez, artikulu hau ere aurrekoa baino ulergarriagoa izatea espero dut.

Itamar Even-Zohar Tel Aviven jaio zen, 1939an. Eta hemen egin behar da lehenengo oharra, kontrakoa badirudi ere Gazan bizitzen ari den izugarrikeriarekin zerikusirik ez duena: ikertzaile handi horren biografia gehienetan esaten denaren kontra, Palestinan jaioa da, eta ez Israelen, Bigarren Mundu-Gerra piztu berri zen garai hartan Israel sortu barik baitzegoen, nahiz eta, gaur egun, herrialde horretako pasaportea duen.

Hasiera-hasieratik itzulpen-estudioetan interesaturik egon zen, eta izen bereko diziplinaren sortzaile nabarmenetako bat izan zen: haren doktorego-tesiaren titulua 'Literatura-itzulpenaren teoriarako sarrera' izan zen, 1972an aurkeztua. Handik abiaturik, 'Polisistemen teoria' izenez ezagutzen den teoria-esparru emankorra sortu zuen; hori bai, itzulpen literarioa ahaztu gabe, haren hegalpean hezi baitzen arlo horretako beste teorialari garrantzitsu bat, Gideon Toury, behar baino lehen zendutako ikertzailea. Mendeen arteko urteetan, berriz, areago zabaldu zuen fokua, nazioen eraikuntzan literaturak eta kulturak oro har izandako garrantziari begiratzeko, bere lurraldeaz gain Europako herrialdeei (baita Galiziari eta Kataluniari) ere erreparatuz. Ikus dezagun.

Polisistemen teoria

Sail honetako aurreko bi ikertzaileen antzera, Even-Zohar ere Estrukturalismo delako jatorrizko bekatu zabaletik abiatu zen. Garaian garaiko jendea. Hala, polisistema kontzeptuaren sorrerarako hango terminologia eta zenbait egitura baliatu zituen: Jakobsonek birformulatutako komunikazioaren sei elementuko eskema, 'diakronia' eta 'sistema' bera ere, besteak beste. Polisistemen Teoriaren formulazio kanonikoa 1990ean argitaratu zuen 'Poetics Today' aldizkariaren udaberriko zenbakian, nahiz eta lehenago zirriborratuta eta geroago ere osaturik agertu.

Formulazioaren oinarrizko ideia sinplea ordura arteko ikuskera endogamikoak apurtzera etorri zen: literatura ez da jarduera isolatu bat, eta, horrenbestez, gizarteko beste jarduerekin batera aztertu beharreko fenomeno bat. Beste sistema batzuk daude jokoan: sistema kultural orokorra, politikoa, ekonomikoa, soziala… Beste alde batetik, ez gutxitan, komunitate jakin batek bi sistema literario ditu, bi literatura. Eta, aurreko guztia gutxi balitz, literatura-sistema bakoitzak ordura arte aintzat hartu gabeko baina aintzat hartu beharreko estratuak ditu (ez-kanonikoak edo): haur eta gazte literatura, itzulitako literatura, herri-literatura terminoaren adiera berri bat ('mass literature', 'mainstream literature'… ba al dugu hori izendatzeko euskal hitzik?). Bistan denez, 'polisistema' da hori guztia integratzen duen terminoa.

Hurrengo pausoa polisistema definitzea izan zen. Aipatutako Jakobsonen eskemari jarraituz, sei elementuren arteko harremanetan definitzen da. Izenak aldatuta ditu, baina erraz antzemateko modukoak dira: ekoizleak, kontsumitzaileak, produktuak, merkatua, errepertorioa eta instituzioa. Eta haien arteko harremana ere begi-bistakoa da: merkatu baten bidez, ekoizleak errepertorio baten araberako produktu bat sortzen du kontsumitzailearentzat, instituzio baten testuinguruan.

Badira literaturaren funtzio sozio-kulturala soilik kontsumitzen dutenak (aurkezpenak, hitzaldiak, kritikak…)

Ez ditut banan-banan aletuko. Bai, ordea, haietako batzuei buruzko jakingarri batzuk aipatuko. Kontsumitzaileei buruz, adibidez, esaten du ez dutela derrigorrean kontsumitzaile zuzenak izan behar. Komunitateko kide guztiak dira gutxienez zeharkako kontsumitzaileak, literatura-atalak edo topikoak non-nahi dabiltzalako (baita politikarien diskurtsoetan ere). Beste alde batetik, badira literaturaren funtzio sozio-kulturala soilik kontsumitzen dutenak (aurkezpenak, hitzaldiak, kritikak…). Gaur egun irakurketaren inguruan sortutako eztabaidari aurreratu zitzaion, beraz, Even-Zohar.

Aipagarria den beste osagai bat 'instituzio' delako formulazio ilun samarra da. Nolabait, gogo kolektiboan iraun beharreko produktuak seinalatzen duten botere-taldeak dira: akademiak, hezkuntza- eta kultura-erakundeak, argitaletxeak, kritikariak, literatura-elkarteak… Gogoangarria zer den adierazteak, zeharka, ahaztu beharrekoa seinalatzea dakar. Eta, hortik, Even-Zohar-en beste kontzeptu pare bat: «kanonizatutako errepertorioak» eta «kanonizatu gabekoak». Eta, kanonaren auzia dela eta, esplizituki dio kanonizatutako literatura ez dela aukeratzen 'berez' ona izateagatik, baizik eta garaian-garaian aipatu erakunde horien buru daudenen iritzi eta interesen arabera.

Literatura eta nazio-eraikuntza

Arlo zabalago horri ekiteko, lehenbizi hurbilen zeukan ingurutik abiatu zen, Palestina/Israel delakotik. Eta aztertu zuen nola, lurralde hartan Israel izeneko herrialdea sortzeko eta hari nortasun propioa emateko, apenas erabiltzen zen hizkuntza bat berpiztu zuten, hebraiera, ordura arte testu sakratuetarako eta otoitz egiteko besterik erabiltzen ez zena. Hizkuntza zurrun eta zaharkitu hori populazio iritsi berriaren artean (gehienak yiddish hizkuntzakoak) zabaltzeko bide garrantzitsu bat literatura izan zen. Baina bertako idazleak ia ezerezetik literatura oso bat sortzeko gai ez zirenez gero, zertara eta itzulpenera jo zuten. Hala, ehunka obra itzuli zituzten, haietatik asko errusieratik eta alemanetik, eta haren bidez hasi zen berpizten hebraiera, eta Israel estatua itxuratzen.

Israel izeneko herrialdea sortzeko, apenas erabiltzen zen hizkuntza bat berpiztu zuten, hebraiera, ordura arte testu sakratuetarako eta otoitz egiteko besterik erabiltzen ez zena

Hurrena Europako herrien eraikuntza eta hartan literaturak izan zuen papera ikertu zuen, besteak beste bere artikulu famatu batean, 'Literaturaren funtzioa Europako nazioen sorreran', gerora adar askotatik garatuko zuena. Adibidez, Alemaniak eta Italiak zituzten hizkuntza ugarien artean hizkuntza ofizial bana aukeratu beharrak liskarrak sortu zituen, eta sortu ditu duela gutxi arte ere. Anekdota gisa, zeharka bada ere bazka utzi zuen konspiranoikoentzat: «Herri-hizkuntzaz [italiar 'dialetti' edo ofizialaz besteko hizkuntzez] idatzitako literatura protesta-ekintza gisa sortu zen, eta hala erakusten du Pasoliniren kasuak, Italia ofizialari kultura-genozidioa egitea leporatu baitzion. 1975eko urriaren 8an, eraila izan baino lehentxeago, artikulu gogor bat argitaratu zuen Corriere della Sera egunkarian, zeinean, bere 'Accatone' izeneko filma telebistan aurkeztu behar zutela eta, zera esan baitzuen: «1961 eta 1975 bitartean funtsezko zerbait aldatu zen: genozidio bat gertatu zen. Populazio bat kulturalki suntsitu zuten. Eta izan zen, hain zuzen, genozidio fisikoen aurretik eginak ziren genozidio kultural haien tankerakoa…».

Ikusten denez, ezin interesgarriagoak, Itamar Even-Zohar maisuaren ekarpenak. Bizitzak urte asko gehiago ekar diezazkiola!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Even-Zohar, Palestinan hebrear kulturaren eraikuntza ikertu zuen behatzaile zolia

Even-Zohar, Palestinan hebrear kulturaren eraikuntza ikertu zuen behatzaile zolia