1.800 pertsona inguru ari dira bertsotan trebatzen Euskal Herrian
Bertsozale Elkartearen arabera, helduen eskoletan gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruan dagoen arrakala nabarmena da
UNAI SARRIUGARTE
Osteguna, 6 otsaila 2020, 09:54
Egun, 1.800 pertsona inguru ari dira bertsotan trebatzen Euskal Herrian. Orotara, 117 udalerritan daude bertso eskolak eta, horietan, 112 aditu bertsoak nola moldatu irakasten. Belanauldi batetik bestera transmititzen den zaletasuna da bertsolaritza. 1.300 ume eta 430 heldu inguru elkartzen dira bertso klaseetan, Bertsozale Elkarteak azken hilabeteetan jasotako datuen arabera.
Ikerketa honetako datuak 2019-2020ko ikasturtekoak dira eta bertso-eskola ezberdinetako arduradunek egindako galdetegiei esker lortu dira. Datu bilketa Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean egin du Bertsozale Elkarteak.
Dena den, galdeketetako emaitzek zenbait gabezia ere eman dituzte ezagutzera. Generoaren esparruan esaterako, helduen bertso-eskoletan gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruan dagoen arrakala nabarmena da. Hala, datozen urteetarako erronka gero eta emakume gehiagok parte hartzea izango da, eta arazo horri konponbidea emateko bideen inguruan hausnartzea. Era berean, irakasleen beharrizan anitzak eta lurralde historiko bakoitzeko erabiltzaile kopurua ere mahaiaren gainean dauden gaiak dira.
Aipatu bezala, guztira 1.796 bertsozale daude gaur egun; 117 herritako 259 talde ezberdinetan sakabanaturik euskal lurraldean barrena. Adin guztiak zaku berean sartuz gero, gizonezkoen eta emakumezkoen arteako aldea ez da hain nabarmena. Izan ere, lehendabizikoak ikasleen %51 dira eta bigarrenak, aldiz, %49a.
Dena den, genero bi hauen arteko desoreka handiena helduen artean ematen da, hauetako %70a gizonezkoak baitira eta emakumezkoak, berriz, %30a baino ez. 18 urtetik beherako taldeei erreparatuz gero, neskak gehiago dira mutilak baino. Lehendabizikoak ikasleen %56a dira eta mutilak, %44a.
Egungo iraskasleen gehiengoa Bertsozale Elkarteak kontratatzen ditu; langile guztien %74a bideratzen baitu erakunde honek. Era berean, gainontzekoak tokian tokiko euskara elkarteek edota beste zenbait erakundek kontratatzen dituzte.