Durangon eta Iurretan Bertso Eguna-Ahalduntze Jaia ospatuko dute ekainaren 17an
Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren ikasturte amaierako festa dugu eta ikasturtean barrena esku hartu dutenen lana aditzera ematea izango du erronkatzat, baita bertsogintzaren munduko emakumeak batzea ere
Unai Sarriugarte
Jueves, 1 de junio 2023
Durangon eta Iurretan Bertso Eguna-Ahalduntze Jaia ospatuko dute ekainaren 17an. Hauxe Ahalduntze Bertso Eskola Feministaren ikasturte amaierako festa dugu eta ikasturtean barrena esku hartu dutenen lana aditzera ematea izango du erronkatzat, baita bertsogintzaren munduko emakumeak batzea ere.
2015-2016 ikasturtean ospatu zen lehendabiziko aldiz Ahalduntze Bertso Eskola Feminista, eta harrezkero ikasturtero eraman izan da aurrera. Hala, testuinguru horretan aurtengoari modu berezi batean eman nahi diote amaiera bertan aritutako kideek, festa giroan batuta, hain zuzen ere.
Bazkarian izen emateko aukera ere izango dute emakumeek, bertan apuntatzeko azken eguna ekainaren 9a izango delarik. Nahi dutenek hemen gauzatu dezakete inskripzioa.
Emakume bertsolari guztiei eskua luzatzen diete datorren ikasturtean parte hartzera. Horretarako egun osoko egitaraua antolatuko dute ekainaren 17rako. Goizeko hamabietan abiatuko da hitzordua Durangon bertso poteoaren bitartez. Ondoren, eguerdiko ordu bi eta erdietan bertsogintzaren arloko emakumeen bazkaria gauzatuko dute Iurretako Abadetxean.
Mokadu bat patxadaz hartzeko aukera izan ondoren, 17.30ean bertso saioa ospatuko dute. Iluntzeko zortzietan, aldiz, Durangoko Plateruena antzokian ERRE bertsolaritza abiapuntutzat duen ikuskizunaz gozatzeko parada izango dute bisitariek, antzerkia, narrazioa eta musika uztartzen dituena. Oihana eta Haizea Arana ahizpek, Aner Peritzek eta Leire Vargasek gidatuko dute saio hauxe.
2022-2023 ikasturtea
Durangon (Bizkaia) eta Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) batu dira hilero ikasturte honetan Ahalduntze Bertso Eskola Feministako kideak. Orotara 23 bertsolarik eta hiru gai-jartzailek parte hartu dute. Proiektua eskoletan abestu, hausnartu, estrategiak elkarbanatu eta zalantzak eztabaidatzeko erabili dute. Kurtsoan barrena Durangoko eta Amasa-Villabonako taldeak ere hitzartu dira, hartu-emanak elkarbanatzeko asmoz.
Taldeak sendotasuna eta konpromiso ikaragarria aurkeztu du aurten eta datorren urtean indar gehiagorekin jarraitzeko konpromisoa hartu du bere gain Ahalduntze Bertso Eskola Feministak. Izan ere, elkar ezagutzen eta ahalduntzen jarraitzeko ahaleginean, ateak zabalik izango dituzte irailetik aurrera emakumezko berriek.