Ez dago norberarentzako mina maite duen inor!
Aiora Sampedro
Larunbata, 18 urria 2025, 00:01
Ia hogei urte pasa dira Laura Mintegik azken eleberria argitaratu zuenetik eta proposamen arriskatuarekin bueltatu da idazlea isilunearen ondoren. Iragarritako hilketa baten kronika modura, emakume gazte baten mendekutzat uler daitekeena planteatzen du liburuak. Sheenak, emakume eskoziar gazteak, itolarrian duen harreman batetik ihes egiteko modua bilatzen du. Eta horretan, bikotekide Manu hilko du.
Planteamendu ausarta eta orijinala dela nabaria da, beraz, liburu hasieratik. Feminizidioak itzultzen dituen liburua delako, kasu honetan gizona izanik hildakoa. Ez da halakorik planteatzen duen lehen eleberria: kasu batzuetan, emakumeek biolentzia ematen dioten erantzuna da. Bestalde, alargun beltzaren estereotipoarekin ere ez dauka zerikusirik. Hemen, Sheenak bizi ahal izateko aukeraren peskizan hilko du senarra. Amaiera irekian, irakurlearen hausnarketarako utziko da hilketaren gaineko juzgu morala eta intentzionalitatearen interpretazioa. Horretan, izenburua bera anbibalentea da: egin diezaioke erreferentzia Sheenak bilatzen ez duen ihesbideari, eta egin diezaioke, ere, Manuren amaierari.
-
Akabo Laura Mintegi Txalaparta, 360 or, 18,50 euro
Eleberriak gertaera zehatzak eta egiantzekoak kontatzen ditu, baina interpretazio sinbolikoa ere egin daiteke. Nik ulertu dut emakumeen aldarrikapen bat izan daitekeela, dagoeneko, erabat betetzen ez dituzten harremanak onartzeko prest ez d/gaudelakoa.
Aspaldi ez bezala gozatu dut irakurketaz. Bereziki, Mintegik amodiozko harreman baten hasiera nola gertatzen den azaltzen duen liburuaren zatiaren kontaketa, zelako detailez deskribatzen diren espazioak, sentsazioak, pentsamenduak… baita kontalariak kontakizunean zehar tartekatzen dituen digresio linguistiko eta bestelakoak ere.