Bertsozale Elkarteak jada hiru bertso egun antolatu ditu datorren urteari begira
Hazparnen, Iruñean eta Getarian ospatuko diren hitzorduetarako sarrerok eskuragai daude jada bertsosarrerak.eus webgunean
UNAI SARRIUGARTE
Osteguna, 24 abendua 2020, 19:18
Bertsozale Elkarteak jada hiru bertso egun antolatu ditu datorren urteari begira. Lehendabizikoa urtarrilaren 30ean izango da Hazparnen (Lapurdi). Bigarrena, berriz, otsailaren 13an, Iruñean (Nafarroa); eta, azkena martxoaren 27an, Getarian (Gipuzkoa). Hiru hitzordu horiek udalerrietako plazak biziberritzeko egitasmoaren barnean daude. Hiru egunotarako sarrerok eskuragai daude jada www.bertsosarrerak.eus webgunean.
Bertsozale Elkarteak bere webgunean nabarmendu duenez, koronabirusaren pandemiak eragin nabarmena izan du bertsolaritzan, saio ugari bertan behera geratuz. Hori dela medio, elkartea bertso plaza hauspotzen saiatuko da datozen hilabetotan, saio anitzak atonduz. Saiook streaming bitartez jarraitu ahal izango dira www.bertsoa.eus atarian.
Izan ere, alarma egoera bertsolaritzaren esparruan berrikuntza eta onuraren bat ere ezarritakoa da. Streamingaren bidez ahalik eta zale kopuru altuenera iritsi nahi du Bertsozale elkarteak.
Modu presentzialean nahiz streaming bidez saiook ikuskatzeko sarrerak aurretiaz eskuratu beharko dira. 12 euroko prezioa aurkezten du aretorako sarrerak, eta internetekoak, aldiz, 5 euro kostatzen du. Bertsozale Elkartearen bazkideek 2 euroko deskontua izango dute batean zein bestean.
Sarrerak soberan egotekotan, egunera bitarte egongo dira eskuragai Hazparneko saioaren kasuan, bezperako egunera arte Iruñeko hitzorduan, eta, Getariako hitzorduari dagokionez, aste bat lehenago itxiko da sarreren salmenta.