Borrar
Urgente La Diputación sopesa extender el horario de Bizkaibus hasta medianoche
Bernart Etxepareren bizitzari buruzko berriak
Territorios

Bernart Etxepareren bizitzari buruzko berriak

Danserie Ensemble talde nafarrak 'Bernart Etxepare 1545' izeneko diskoa kaleratu du

Sábado, 26 de abril 2025, 00:00

Ezagutu nuen egunetik idatzi nahi nuen Danserie Ensemble talde nafarrak atera duen CDari buruz. Bertan euskaraz argitaraturiko lehen liburuko poesiak kantatu dituzte garaiko musikaz lagundurik, 'Bernart Etxepare 1545' Linguae Vasconum Primitiae, nola bestela?, deitu dute beren lana.

Aspaldian nuen gogoan, baina hau dela eta bestea dela luzatu zait egin beharra, haatik heldu zait unea lan bikaina agurtzeko eta aholkatzeko ordua.

Musika eta hitza

Aspaldiko baten Oskorri taldeak eginkizun bera egin zuen 1977an. Joan dira euriak eta urak bere bidean! 'Mosen Bernart Etxepare' deitu zuten disko hura, eta 'Linguae Vasconum Primitiae' liburuko testuak musikatu zituzten, baina obrak zituen 12 kantuetan 2 musika hutsezkoak ziren eta liburuaren giroa aipatu nahi zuten 'Lantzeko ihauteria' bezalako musikarekin. Eta gainera prosaz den 'Sarrera' ere musikatu zuten. Hori bai bitxia!

Euskaraz irakurtzeko ahalbidea eta zaletasuna urriak ziren garaian euskal poeten hitzaren zabalkundea egiteko ahalegin txalogarria egin zuen taldeak. Urte bete lehenago Gabriel Arestiren poemekin eman zuten plazara, Bilboko poetaren itzala jende artean zabalduz. Gogoangarria guztiz 1976ko Gabriel Arestiren omenez hura, poeta hil eta urte batera zabaldua.

Danserie Ensemble taldeak, ostera, garaiko eta jatorrizko musika hartu ditu kontuan, eta Bernart Etxepare poetaren hitzak batez ere, XIV. eta XVI. mendeen arteko piezak jasoz eta moldatuz. Esango nuke liburu osoaren irakurketa eskaini digutela beren kanta eta soinuez jantziz. Poema bakoitzarentzat egoki zaion musika aukeratu dute eta gozamenerako aproposak diren kantuak aukeratuz, Etxepareren poesiaren dohainak berriro gozatzeko aukera eskaini digute.

Guztiz lan gomendagarria eman dute argira; mimoz, fineziaz eta profesionaltasunez, entzuten duen gogoan miresmena sortuz. Oso fruitu aberatsa da entzungo duguna, goitik behera zaindua, baina, Oskorrik egin zuen moduan, han eta hemen, poetaren lanetik ihes eginez eta moldea aberastuz.

Garaiko musikak dira diskoan entzungo ditugunak. Eta aitortu behar badut ere ez naizela ni aditua musika zaharraren kalitatearen agerbidean, zale gisa besterik ez dudala nik titulutik alor horretan, zalantzarik gabe oso fruitu umotua eskaini digute Danserie Ensembleko musikariek.

Eta bizitza

Danserie Ensemblek osaturiko lan horrek, gainera, beste ezustezko bat ekarri digu, eta hauxe bai dela nire alor kutuna, euskal literatura ezagutzeko historia bidera. Musika lanari heldu baino lehenago taldekideek Nafarroako Artxibategian beren ardurak eta jakin-minak ikerketa bidean jarri zituzten, eta urre goriaren antzekoak diren Bernart Etxepareren bizitza berriak eman dizkigute ezagutzera. Artxibategian egindako lan isilari esker garai desberdinetako dokumentu sorta ederra atera dute ezagutzera. Koldo Azkona omen da ikerketaren arduraduna eta osperik handiena merezi du euskal literaturaren historia ekarri duen berritasunagatik.

Lehen lehenik, Bernart Etxeparek bere gizartean zituen ospe eta miresmena adierazi dizkiguten dokumentuak daude. 1456ko dokumentu batek, agerturiko lehenak, beren familiaren maila ageri du, kapare familia dela aipatuz. Tributuak jasotzen zituen familian sortu omen zen idazlea. 1511n Bertrand Lehet Baionako apezpikuak Zaro eta Eiheralarreko apaiz izendatu zuen. 1515eko urrian fideltasun zina egin zion Fernando erregeari; Albako kondearen aginduz. 1520-1521ean Etxepare Garaziko bikario izendatu zuten. Eta horrela doaz bere eginkizun publikoaren hainbat dokumentu eta berri, bere zehaztasunean aho zabalik utzi gaituztenak.

Bigarrenik, baina, Etxepareren bizitza pribatuaren hainbat berri ezagutu arazi dizkigu Koldo Azkonak. Eta hauek bizitza pribatuzkoak dira. Inorentzat ez da ezustea izango, baina garrantzizkoenak dio Etxeparek 1512 inguruan seme bat izan zuela, hori ere Bernart izenekoa. Eta nobela baten gidoiaren antza duen ibilbidean semea 1537an Garaziko Johana Aranbururekin ezkondu zen. Emaztea baina, aldi hartan usu gertatzen zen bezala, aldez aurretik Martin Mendikoaga deituriko gazte batekin ezkondu omen zen ezkutuan, sekretuan. Beraz, Johana ezkondua zen, baina ez elizatik, baizik eta sekretuz, ezin baita ahaztu ezkontza dela abadeak ematen ez duen sakramentu bakarra. Elizaren arabera ezkontzaren sakramentua ezkontideek ematen diote elkarri. Beraz, ez da apaizaren beharrik ezkontza egiteko eta desadostasun horrek hainbat katramila ekarri ditu historian zehar.

'Egun bereko alarguna' deituriko balada, adibidez, gai berberean oinarriturik dago, ezkontza sekretu batean alegia. Honela dio balada horretako protagonista emakumeak: «Nik banizün maitetto bat mündü ororen ixilik,/ mündü ororen ixilik eta Jainko Jaonari ageririk». Eta bertso biotan ageri da esan nahi duguna, maitea mundu guztiaren isilpekoa, baina Jainkoaren aurrean agerturikoa, beraz ezkontza sekretukoa.

Gure historiarekin jarraituz, Martinek, ezkutuko senarrak, bahitu egin zuen Johana emaztea eta elkarrekin Lapurdi aldera joan ziren. Eta horrela eman du bidea historiak: Martin espetxeratu zuten, Johana Irunako komentu batean sartu, Etxepare semearen ondora itzuli arte. Gogoz ala aginduz egon ote zuen itzulera hori? Ezin dugu jakin, baina Johana Aranbururen historia garaiko beste askoren patuan markaturik dago.

Ai ama maitea! Zenbat emango nukeen nik berri horren aurkitzaile izanagatik!! Eta horrela doa mundua, Koldo Azkonak euskal literaturaren historia aldatu duen berria jakinarazi du eta euskal literaturaren historiaren munduak ez du zirkinik egin.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Bernart Etxepareren bizitzari buruzko berriak