Borrar
Territorios

Ateraldiak

Aspaldiko irakurketak gogoan, gaurkoak esku artean

Asteazkena, 23 uztaila 2025, 00:07

Comenta

Udarako proposatuko ditudan liburu berri bik nire euskarazko lehen irakurketak ekarri dizkidate gogora. Umorezko liburuak dira, arinak, agian apalak, baina irakurketa errazaren alde eginez, orriak gustura pasatzeko beta eskaintzen dutenak.

Poesia argitaratzeko anbizioarekin sortu zen Balea Zuria argitaletxea, genero horri bultzada on bat emanez, beren argitalpenen duintasunaren bidez. Baina beste genero batzuk ere eman dituzte plazara: saiakera, itzulpenak (nola ahaztu 'Moby Dick' izugarria eta hain gutxi loratu dugun 'Odisea'ren agerpena?).

Baina orain gutxi agertu dute Pello Añorgaren (Oiartzun 1956) 'Sendatzeko ametsak', Pernando Amezketarraren pasadizoak gogora ekartzen dituen Kalixtoren ibilbideak kontatzen dituena. Haurtzaroan izeba Inesek ahoz kontatutako ipuinetan oinarritua, liburuak badu jori berezi eta arina, horrelako xarma berezia.

Idazleak berak testua irakurtzeko ohar argiak eman dizkigu `Hitzaurrean'. Kalixto definitu egin du: «pertsonaia xelebrea» dela gogoratuz, eta izebak ipuinok «misterioaren mantelinaz bilduta, irribarre konplize xamur batez» kontatzen zizkiola aipatuz. Hor daude jada liburuaren hiru ezaugarri nabarmen: xelebrekeria, jakinmina sortzeko gogoa (misterioa ez dut nik ikusi) eta xamurtasuna. Gainera egileak ibilbide horiek gaika bildu ditu bere testuan: batasuna bilatuz.

Kalixtoren ibilbide horiek ateraldiak dira, gogo bizitasunak pizturiko erantzun barregarri, zuzen eta paradoxikoetan bermatua. Gehien batean, ateraldiak dira Pello Añorgak agertu dituenak. Bat laburra aipatzekotan: «Askotan galdetzen omen zioten: -Heriotzari al diozu beldurrik?. Eta Kalixtok: -Jaiotzeari eduki al nion, ba?»

Jokoaren ostean, irri nimiñoa.

Hitz jokoak

Bestelakoa da, baina ez guztiz, Joseba Mikel Ugaldek (Bermeo 1956) atera duen 'Lazunen izariaz. Kontakizun irritsuak' deituriko tamaina txikiko liburua. Eta berak atera duela diot, egilea bera delako editore. Eta beraz zabalkunde urriko liburua izango dugu. Ez nuen nik ezagutzen bere lana, nahiz eta euskal idazleak biltzen dituen Zubitegia web orrian bere historia kontatzen zaigun, eta ez da makala, animoa galdu gabe 2010etik aurrera baitabil liburuak argitaratzen bere patrikatik ordainduz. Zorionez, makala bada zabalkundea, bere izena interneten jarriz gero, liburuak jaisteko modua dago.

Egileak hasiera-hasieran aitortu du bere anbizio falta, lazunak bezala: «Irribarrea helburu duten nire ateraldiak, bat datoz lazunen izaerarekin, haiek bezala, dastatzeko xumeak edo arruntak direlako». Joera askotakoa da izatez liburua, poliedrikoa.

Baina joera bik piztu didate atentzioa. Hitz jokoena eta idazleekin egindako jolasak. Ugaldek euskal esaera baten barnean egon daitezkeen beste esanahiak jartzen ditu agerian, eta hitz jokoak irribarrea sortzen badu ere, ez dago urrun kritika soziala, honetan bezala: «'Hire neba karrikan da, eta … Anttoni, nola bukatuko zenuke?'. Neskatoak klariona hartu eta segurtasunez honela bukatu zuen: 'Irene bakarrikan'». Hire neba/ Irene hitz jolasak esaldiaren barnean zegoen beste adierazpena jarri du agerian: baina zergatik mutikoak kalean eta neskatxak etxe barruan egon behar?

Idazleen izenekin eta badaude jokoak: Anjel Lertxundirekin adibidez: «Ez da gauza bera: 'Berandu da' esatea, edo 'Bera Andu da!» esatea. (Anjel bera ere. Nonbaitera berandu iritsiko zenez, 'Berandu da, Andu' entzundakoa izango da). Edo Harkaitz Canorekin: «Ez da gauza bera, Harkaitz Cano peli batean ikustea, edo harkaitz batean pelikano bat ikustea». Idazle horrekin, gainera, jolasak aurrera egiten du, aktore bihurtzen duelako fikziozko zenbait pasartetan.

Ez da horrelakorik maiz egiten gure artean eta bere burua «idazle amateur ahul» gisa definitu duen egileak proposamen umil honetan jokoaren ateren batzuk zabaldu ditu behintzat.

Euskarazko lehen irakurketa haiek

Liburu biok gogora ekarri dizkidate nire euskarazko lehen irakurketak: Zorionez nire maisuak ez ziren garbizaleak eta guretzako aukeratu zituzten irakurketa errazak hauek ziren. Kirikiño zen maisua horretan, umorea eta irakurketa ahul zebilenentzako aproposa, hiztegiz eta esamoldez aberatsa izan arren. Eta horren ondoren, ateraldiak: Juan San Martinen 'Zirikadak' eta 'Eztenkadak'. Eta Felix Bilbaoren 'Ipuin-barreka'. Esandakoa: ateraldiak eta umorea irakurtzen hasteko bideak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ateraldiak

Ateraldiak