Borrar
Gabriel Aresti gaztetan. Familia-artxiboa
Territorios

Arestiren antzerkiari ere berea da zuzenbidea

Bere heriotzaren 50. urteurrenean, noraezekoa da haren antzerki-balioa goraipatzea

Karlos del Olmo

Larunbata, 15 azaroa 2025, 00:35

Comenta

Gabriel Arestiren hil izanaren urteurrenean eraturiko gorazarreetan idazle eta kultur aktibistaren hainbat alderdi gizarteratzen ahalegindu dira, hainbat saio eta ekimenetan, Euskaltzaindiak ostiral honetan antolatutako 'Gabrielen ispiluetan barrena' programan, esaterako. Dena dela, eta ekimen horretan antzerkia kontuan izan badute ere, behar bezala ezagutu eta merezi duen neurrian balioetsi barik dirau Arestiren tasun batek: teatroarenak, berak zioenez. Elkarrizketa batean adierazi zuenez, idazle gisa eginiko lehen obra antzezlan bat izan zen, hala, letra bataiotzat literatura dramatikoa zuen Gabrielek: 'Mugaldeko herrian eginikako tobera' (1961eko Toribio Altzaga saria, urte hartantxe 'Egan'en argitaratua). Arestiren noraezeko bidaide bihurtu zen ondorio (alditxarreko) bat ere ekarri zion sariak: kritika «erreakzionarioak» jasotzea, funtsean, gerraurreko uste ideologikoetatik abiatuta, haren iritziz.

Nori berea ematearren, aho betean aldarri egin behar dugu euskarazko antzerkigintza astindu gura izan zuela Arestik, noiz eta Francoren diktadurak euskal kulturgintza ia ito zuen urte haietan, teatrogintza zabal bat medio: antzerkia itzuli zuen, an-tzerkia idatzi, antzerkiaz teorizatu, antzezlan itzuliak leitu, an-tzerkia taularatzen parte hartu, are 'Beste mundukoak'… antzezlanean bere burua aipatu, haren sei antzezlanetako bik agertokiko argia ikusi zuten (besterik ez), eta, azken baina ez mendreen, Aresti bera geroko antzerki lan batzuetako pertsonaia izan da... Hortaz, teatrogintza integraleko ekintzaile bat zela onartu beharra dagoke.

Euskal agertokietan nahiz literatura dramatikoan berritzeko gogo sutsua agertu zuen: antzinako euskal antzerkiaren erroak zein teatro modernoaren ekarria uztartu beharra aldezten zuen.

Ahozkotasunetik hurbilen dagoen generoa eta estiloetako bat denez gero, idazle baten 'neurria' edo 'trebezia teknikoa' aztertu eta neurtzeko tresna ezinago egokia da literatura dramatikoa. Alde horretatik, euskal ikerketek ere zorra dute Arestiren literatura dramatikoarekin.

Gabrielek XX. mendearen bigarren erdialdean paraturiko ekarri teorikoak kriseilu bide erakusle gertatzen dira, hara hor 'Nola erein teatroaren gaurkotasuna euskaldunen artean' (1961) -Toribio Altzaga saria irabazi zuen urtekoa- eta 'Euskal teatro berri baten beharra: euskal komedia' (1964); haietan jasotako gogoeta batzuk gaur ere egunerokotasun handikoak izan eta eginkizun behar-beharrezko gertatzeraino. Euskal teatroa eguneratu beharra euskara bera gaurkotu eta modernotasunerako gaitzeko premiarekin lotzen zuen.

'Tobera'z gain, beste bost lan idatzi zituen oso tarte motzean: 'Etxe aberatseko seme galdua' eta 'Maria Madalenaren seme santua' (1962, 1963an 'Egan'en argitaratua); 'Eta gure heriotzeko orduan' (1963, 1964an 'Egan'en publikatua); 'Oilarganeko etxola batean' (1963, 1965ean 'Egan'en nobela moduan -'Mundu munduan'- plazaratua eta, 1986an, antzezlan modura, Susa argitaletxean); 'Beste mundukoak eta zoro bat' (1964, 1969an Lur argitaletxeko 'Euskal elerti 69' bilduman argitara emana. Jarrai taldeak 1965ean antzeztua, taldekoekin batera biltzearen ondorioz idatzi zen eta: oso jokabide modernoa); 'Justizia txistulari' (1965, 1967an 'Egan'en argitara aterea. Xabier Letek berridazketa halako bat egin zion, eta Lete bera partaide zuen Oiartzungo Lartaundarrak taldeak antzezpen xume bat eratu zion, 1965ean).

Antzerki urte horiek emankorrak izan ziren poesian ere: 'Zuzenbide Debekatua' (1961), 'Mailu batekin: Biola batekin' (1962), 'Euskal Harriaren lehen moldaketa', 'Harri eta Herri' (1964) eta 'Euskal Harria eta beste 30 poema' (1965), lau aldiz ondua 'Euskal Harria eta beste 119 poema' izendatura kaleratu arte (1967).

Halere, agertokiko argiak betiko itzali balira legez, ez zuen beste antzezlanik argitaratu edo idatzi, ez eta eleberririk ere. Etsiak hartuta? Gauza guztietara heldu ezina, euskalgintzan zein bizitzan? Hara hor fokuek argiztatu beharreko misterio bat, nahiz eta Arestik 1973an plazaraturiko 'Lau teatro arestiar' liburuko azal hegal batean zenbait hedabidek zentsura egiten ziotela salatu. Teatroan ere? Ezin jakin!

Patri Urkizuk idatzi legez, Arestik antzerkian jorratutako bide hori -etiketen balio erlatiboa gorabehera- «herri antzerki iraultzailetzat jo dezakegu»: ezin uka 1960. urtetik aurrera euskal kulturgintzan eragile handia izan zela Gabriel.

Bestalde, Jerardo Elortzaren iritziekin bat, ezin ahaztekoa dugu esaera zahar, aspaldiko kanta, bertsolaritza eta abarrei buruzko erreferentzia literario samarrak aurki daitezkeela Gabrielen teatroan, bai eta hark i-tzuli zituen Europako eta Espainiako dramaturgoen aipuak edo omenalditxoak ere. Jokatu zizkioten lanei gagozkiela, ez dakigu zenbateraino ohartzen ziren garai hartako euskal ikusleak jolas literario horiez. Eta gutxi irakurtzen eta aztertzen direnez gero ere…

Euskal Antzerki Konpainia ('Komedia', Arestik esana) Nazionalik XXI. mendean ere ez egotearen ondorioz, erraz asko gerta daiteke haren literatura dramatikoak hautsa batzen eta agertoki gainean jartzeke luzaro irautea.

Gabrielen berbak gomutara, «Mundu guztia teatro baten barnean sarturik dago, eta kandilejen gainetik publikoa ikusten du».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Arestiren antzerkiari ere berea da zuzenbidea

Arestiren antzerkiari ere berea da zuzenbidea