Duela bizpahiru Aita Santu Erromara joan nintzen ama zenarekin. Bera ez zen sekula etxetik hain urrun izan eta gainera, beretzat, Vatikanoa zeruaren ataria zen eta Aita Santua bizirik zirauen santua. Neguaren atarian geunden, abenduaren hasieran.
Bertan geundela jakin genuen egun zehatz batean Aita Santuak eliza zehatz batera joateko ohitura zuela. Hara joan ginen, goiz, Erroman egonda ere mania hori galtzen ez dudalako. Sartu ginen elizara, agian bi ordutako aurrerapenaz eta kanpoan belus gorriaz jantzitako egurrezko hesian kontra jarri ginen. Zutik. Aita Santua gugandik metro pare batera pasako zen.
Denborak aurrera egin ahala eliza betetzen hasi zen. Gure atzetik gutxienez hamar ilara egongo ziren era guztietako pertsonek osatuak, gehienak kaleko jantzia soinean, beste asko eliz gizon edo emakumez jantziak. Bitartean, elizaren erdian, hesiek mugatutako tartean, etengabeko mugimendua zegoen, kolore guztietako jantziak batetik bestera, aurrera eta atzera, presaka, auskalo ze prestakuntza egitera.
Haiei begira esan zidan amak ederrak zirela jantziak, dotoreak, arropa guztiak ondo plantxatuak zeudela, ez zela zimur bakar bat ikusten, ze ondo almidoiztatuak zeuden nonbait alba esaten zitzaien brusak. Amak edertasuna eta dotorezia ikusten zuen jantzietan nik mojak plantxan ikusten nituen eta horixe esan nion.
Aurten, 'Cónclave' filmean mojak plantxan ez, baina bai sukaldean eta jangelako mahaietan zerbitzari ikusi ditut, apal eta isil. Eta filmetik kanpo, errealitatean bertan, emakume batzuk ikusi ditut Vatikanoan arrosa koloreko kea sortzen, emakumeek eliza katolikoaren barruan pairatzen duten bazterkeriaren kontrako protestan.
Noraino heltzen diren feminismoaren zipriztinak, pentsatu nuen ke arrosa zerura bidean ikusterakoan. Azkenean, maite ez dudan kolore hori ere onartzen joango naiz.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.