

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Behin baino gehiagotan esan izan dut edozein tresnarekin istorioak kontatzen ditugunok, kuxkuxeroak izateko baimena dugula, edozein lekutan gaudela ere ingurukoek esaten dutena entzuteko baimena edo, gutxienez, aitzakia. Hortik dator gure kontakizunen osagai bat, jendeak gu entzuten ari garela jakin gabe esaten duenetik.
Kontatuko dudan hau autobus batean entzun nuen, joan den larunbatean. Bi emakume gazte, ez zuten mende erdia bilduko bien artean, modak agintzen duen bezala jantziak, aurpegiak makilatuak, ileak luze eta kiskurdun. Ez nuen elkarrizketa hasieratik entzun, baina gero entzundakoak utzi zidan abiapuntua zein zen ondorioztatzen.
Baten senargaiak arrosa zuri sorta ederra bidali omen zion etxera, gurasoen etxera, San Valentinen aitzakian. Hobe gorriak izan balira, esan zuen, baina poza zerion ahotsari. Besteari ez zion senargaiak ezer oparitu eta gauean hitz egin zutenean ere ez omen zion data aipatu. Ez San Valentín, ez San Quintín, esan zuen, nonbait errima zalea zen neska zapuztuak. Arrosak jaso zituena harritu egin zen, gertatutakoa ulertezina balitzaio bezala. Galdetu zuen ez ote zion aurreko egunetan zeharka data zehatz hori aipatu.
Ezetz. Propio egin zuela hori, hain zuzen, senargaiaren zain erromantikoaren sakontasuna neurtu nahi zuelako. Esan zuen gorra edo itsua behar duela izan norbait ez bazaio data gogorarazten duen iragarki andanaren arrastorik heltzen. Koloniak, bonboiak, loreak, apaingarriak... eta zerrenda luzea bota zuen segidan. Eta berak bai, berak erosi ziola kolonia bat, baina ez ziola eman.
Isilune laburra gertatu zen handik aurrera bi emakumeen artean. Oparia jaso zuenak egin zuen hitz lehenik, esan zion arriskutsua iruditzen zitzaiola lagunaren jokaera, mutilei erromantiko izaten irakatsi behar zaiela, ez datozelako ikasiak etxetik. Beste isilune bat eta berehala galdera: zer egin behar ote zuen mutila aurrez aurre izango zuen hurrengoan. Ez zekiela oraindik, erantzun zuen errima zale zapuztuak, atzoko kontua zela eta buelta batzuk eman behar zizkiola kontuari.
Ez zitzaidan zalantzarik gelditu: biak ala biak arazo sakon bat aztertzen ari ziren. Ez zegoen arinkeria arrastorik haien hitzetan. Tamalez, nire geltokia heldu zenean jaitsi behar izan nuen busetik, oparirik jaso ez zuenak senargaiarekin zer egin behar zuen jakin gabe eta mutilei ikasgai erromantikoak eman behar zaizkiela zioenaren aholkua entzun gabe.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La Unidad de Trasplantes de Valdecilla, premio Cántabro del Año
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Ingresan en prisión 6 de los 11 detenidos en la macrooperación antidroga en Bizkaia
Ainhoa de las Heras y Luis Gómez
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.