Gogoratzeko eskubidea
Ahal izan dugun moduan kudeatu ditugu Francok eragindako zauri eta traumak
Artikulu bat eskatu didatelako jabetu naiz: laster beteko dira 50 urte Franco hil zenetik. Entzungo nuen urteurrenaren kontua behin baino gehiagotan, adibidez Gobernuak aitzakia horrekin ekitaldi batzuk antolatu zituela jakin nuenean, baina txanda honetan zirrara bat eragin dit urtemugak eta urte urrun haietara joan zait gogoa. Zertan ari nintzen Franco hil zenean, zer nuen buruan, zer eragin izan zuen zorioneko datak nigan, zer oihartzun du nigan, oraindik ere, bizitako diktadurak.
Aldez aurretik Nodoan zelatatzen genuen Franco, ikusten genuen zahartu zela, gaixotasun erreal edo asmatuek haren gorputzean utzitako arrastoak bilatzen genituen, dardarak, zezelkatzeak, beso baten mugiezintasuna, baina sakon sakonean beldur bat genuen: diktadorea ez zela sekula hilko, hilezkorra izan zitekeela. Urteak joan, urteak etorri, esnatutakoan egiaztatuko genuela Francok hortxe jarraitzen zuela, lemaren jabe, zigorren jaun.
Pertsona bat baino gehiago ezagutu dut bere buruari jotako erronka galdu zuena: eseriko naiz lasai nire etxeko atarian eta handik ikusiko dut Francoren gorpua kanposanturako bidean. Bada Franco bizirik zegoela hil ziren, diktadorearen hiletaz gozatzeko aukerarik gabe. Bizitzak ez zien kontsolamendu hori eskaini.
Beste askok bizirik jarraitu zuen, bistan denez, ni barne. Eta ahal izan dugun moduan kudeatu ditugu gure zauriak, gure traumak, Estatuaren laguntza eskasarekin, egia esan. Eman dira pauso batzuk, batez ere Estatuaren gobernuaren jabe ezkerra izan denean, baina urrun gaude beste herrialde batzuk pairatutako diktaduraren kontra egin dutenetik, oraindik bide bazterretan dauden gorpuak lekuko.
Egunotan ezagutu dugun inkesta baten arabera, gazteen artean ehuneko hogeitik gora dira frankismoa ona edo oso ona izan zela pentsatzen dutenak. Noski, gazte horiek ez zuten diktadura ezagutu, baina etxean edo sare sozialetan irakurri dituztenak sinetsi dituzte. Eta denak ez dira izango Francori esker aberastu ziren familietako senideak.
Auskalo zer pentsatuko duten gaztetan gaur bertan jaiotakoak, zer jakingo duten Francori buruz baina ordurako desagertuko dira, gara, frankismoa pairatu genuen gehienok, agian ez diktadura zuritzen jarduten dutenak. Ordurako, agian Franco Atila edo Karlomagnoren pareko oihartzuna eragingo duen izena izango da.
Bitartean, batzuk ez dugu ahaztuko, gogoratzeko eta gogorarazteko eskubidea baliatuko dugu.