Jakina da urtea urtarrilaren lehen egunean hasten dela, baina urteak badu beste hasiera bat, irailean, urtea bukaeratik gertu xamar dagoen puntuan. 'La rentrée' esaten zaio Frantzian itzulerari eta hortxe gaude, askori eskoletako ordutegia aspalditik arrotz bazaigu ere. Berriz ere lehengoan.
Bada puntu horretatik begiratzen duzu inguru hurbil eta urrunera, biltzen duzu ahal duzun informaziorik egiazkoena, saihesten dituzu nola hala hain zabalduak dauden gezurrak eta, edozein adin izanda ere, ikusten duzu iluntasuna nagusitzen dela bazter guztietan. Apenas antzematen den argi printza ahulen bat eta hori baikorrenon kasuan.
Ez ditut hemen guztion buruan dauden iluntasun horiek aipatuko, baina beste askok bezala galdera bat egiten diot neure buruari: zer egin, etsipenari eman aurretik? Nola fabrikatu itxaropena, nola bilakatu txinpartak gar?
Zalantzarik gabe, historiak esaten digu ez gaudela inoizko garairik ilunenean, asko direla, edozein bazterretan, garai etsigarriagoak. Baina horrek kontsolamendu kaxkarra dakar etsi nahi ez duenarentzat. Gogoan ditut oporrik izan ez dutenak, nola ez, gogoan gorrotatzen duten lanera itzuli behar dutenak, eskola sufrikario duten ikasle eta irakasleak, hain ospe gaiztoa duten errutinara gustura itzultzen direnak.
Kontua da bi aukera nagusi ditugula inguratzen gaituen iluntasunaren aurrean: lotara joan, alua mundua esanez, aldaketaren bat bultzatzeari uko eginez edo harrapatzen dugun txinparta hauspotzea, itxaropena, kemena fabrikatzea. Gutako bakoitza ahalegin daiteke bide batean ala bestean.
Hori bai, jakinda ezkortasunak ezkorkeria izena merezi duela eta atzerakoia dela, hori sustatu nahi dutela gugan bazter guztietan. Total, hain txikia da egin dezakedana, hainbeste kostatzen da korronteari kontra igeri egitea… Errazago da flotatu eta korronteari amore ematea.