Begirada
Nire eguneroko ikus paisaia osatuko duen arbola behar zuen izan
Ana Urkiza
Larunbata, 18 urria 2025, 22:15
Aritz Gorrotxategi idazleak, egunkari honetan bertan idazten zuen duela egun batzuk, turistek eta atzerritik gurera bizitzera etortzen direnek, begirada berri bat jartzen dutela gure ingurunean. Argazkiak ateratzen ari zen turista batek arreta deitu ziola jakinarazten zuen. Kontxako badiari begira jarri beharrean, Mirakontxako lorategietako batean zuelako jarrita objetiboa. Eta aitortzen zuen, begira-begira jarrita, lorategiak bazuela zerbait erakargarria. Turista argazkilariaren estanpa hartatik zetorren zutabegilearen arrazoiketa. Eta Julio Llamazares idazleak elkarrizketa batean esandakoak gogoratzetik: paisaietan dauden osagaietan eta hutsuneetan aurki daitezkeela, alegia, geure buruari egiten dizkiogun hainbat galderen erantzunak.
Ezaguna da begiratzen jakin behar dela dioen adierazpena: bai argazkia ateratzeko, eta baita argazkiaren baitan harrapatuta geldituko diren osagaiek zentzu bat izango badute ere.
Kanpotik etorritakoek begirada hori ezkutatuta daramatela dio Gorrotxategik; kanpoko herrialdeetako paisaiek gureak ureztatzen dituztela, eta gure inguruneari beste era batera begiratzen erakusten digutela.
Gertatzen da, ordea, baita ere, turista, bisitatuko duen lurraldeko paisaiako osagai baten bila abiatzea. Izan daiteke bere herrialdeko paisaian osagai horiek aurkitzen ez dituelako, edo bila dabilen hori lurralde ezezagun batean errazago aurki daitekeelako. Nerabezaroan udak pasatzera amatxiren herrira joan eta maitemintzea bezalako zerbait. Gure herrian falta zitzaigun zera hori aurkitzea, beste testuinguru batean. Gero, ikasturte berriarekin, estanpa batean geldituko zitzaigun herrian utzitako maitearen irribarrea.
Udazkenean, nik neuk ere, bidaia bat abiatu dut arbola baten bila. Orain, bidaiatik bueltatu ostean erraza da esatea, banekiela aurkituko nuela. Baina halaxe izan da. Ez nekien non egongo zen, ez zer arbola mota izango zen ere. Baina bai banekien aurkituko nuela. Nire eguneroko ikus paisaia osatuko duen arbola behar zuen izan. Bizitzak lapurtu didan hutsunea beteko duen osagaia.
Eta Pienzan aurkitu dut, Toscanako Val d'Orciako herri txiki batean. Turisten begiradatik urrun.
Ez da altzifrea. Ez da argazki kameren objetiboak lapurtzen dituen horietakoa. Nire begirada bereganatu duen arbola da, soil soilik. Osatu nauena.Pienzan utzi behar izan dut, eta nerabe sentitu naiz. Haatik, hosto bat erausi eta nirekin ekarri dut, orri-markagailu gisa erabiltzeko. Hemendik aurrera, irakurriko dudan orok, beste begirada bat izan dezan.