Abenturak eta aldaketa klimatikoaren inguruko gogoetak Nerea Loiolaren liburu berrian
Eskapu Liburuak sailaren laugarren izenburua da 'Oraire', non irakurleak erabakiko duen nola jarraitu aurrera historian
Itziar Altuna
Asteartea, 11 azaroa 2025, 13:18
Eskapu Liburuak bilduma arrakastatsuaren laugarren liburua aurkeztu du Nerea Loiola Pikazak. 'Oraire' (Erein) haur eta gazteei zuzendutako ale berria da, fantasiazko generoan murgiltzen dena, baina aldaketa klimatikoaren gaia ere lantzen duena. Irakurlea izango da protagonista, izan ere berak aukeratuko du abentura, baina kasu honetan, historian aurrera egiteko enigmak ebatzi beharko ditu ere.
Idazleak aurkezpenean azaldu duenez, Oraire protagonista «lainoak gidatzeaz arduratzen da eta euria nola egingo duen erabakitzeaz». Hegazkinak asmatu zirenetik laino-gidariak hiltzen joan dira eta bera da geratzen den azkena. «Berak jakinarazten digu horregatik gertatzen ari direla munduan gero eta hondamendi natural gehiago», gaineratu du. Idazlearen esanetan, irakurleak orain arteko eskapu bildumako «erabaki zailenekin» egingo du topo, izan ere «onura kolektiboaren mesedetan» zerbait uztea erabaki beharko du. «Erabakiak hartzerakoan irakurlea zalantzen jartzen saiatzen naiz», aitortu du.
Tramak hainbat gai biltzen ditu, hala nola, laguntasuna, ongizate pertsonala eta soziala, ekologismoa, boterea, erabakiak hartzea, bigarren aukerak... eta hauek «abentura eta intriga hari batez josten» saiatu da Loiola. Historiak «kutsu tremenendista» ez duela hartzen argitu nahi izan du, baina umeak inguratzen gaituen errealitateaz eta etorkizunaz oso «kontziente» direla adierazi du, eta askotan «gutxietsi» egiten ditugula.
Abentura liburuak
Ereinek argitaratu zituen 'Aukeratu zure abentura' motako liburuek arrakasta handia izan zuten duela hiru hamarkada eta Nerea Loiolak kontatu duenez, 11 urte zituenean zaletu egin zen liburu hauetara. Duela urte batzuk, bere seme baten lagun bat horrelako bat irakurtzen ari zela ohartu zen, baina gaztelaniaz ari zen, eta mota honetako liburuak euskaraz ez zeudela ohartu zen. Hortaz, bilduma berri bat osatzeko erronka hartu zuen.
'7G udalekuak', 'Azken denbora' eta 'AHT-Arrisku Handiko Trena' izenburuek osatzen dute Erein argitaletxeak berreskuratu duen eskapu liburuen saila, eta 'Oraire' laugarrena da. Bilduma honetan liburuak idaztea «izugarrizko gozamena» dela aitortu du idazle debarrak.