Zorionak, Kurt Diemberger!
Urte bete falta zaio Kurt Diemberger bide-urratzaile eta alpinista zaharrari laurogei eta hamar urte betetzeko, joan den astean, hilak 16, 89 bete baititu. 2013an, Urrezko pioleta eman zioten egindako ibilbideagatik.
Kurt Diemberger austriarra, Broad Peak mendiaren lehen igoeran parte hartu zuen 1957an, bai eta Dhaulagirin ere, 1960an. Aipaturiko menditzar horien gailurra zapaltzeaz gain, honakoak ere igo zituen duela urte dezente: Tirich Mir 1967an, Makalu eta Everest 1978an, Gasherbrum II 1979an, Broad Peak berriz 1984, eta K2 1986an.
Lehen urte hartan, 1957an, Diemberger Hermann Buhl alpinista bizirik ikusi zuen azken pertsona izan zen, Chogolisa mendian egindako saio inkognito batean. Eskalada hura ilegaltzat hartu zuen Pakistango Gobernuak, eta gerora, isun gisan, Diembergerrek ezin izan zuen urteetan Pakistan zapaldu.
Gaur egun, bi zortzimilakotan egindako lehen igoerak dituen pertsona bakarra da munduan. Bakarra eta azkena. Broad Peak mendirako erasoa Fritz Wintersteller, Marcus Schmuck, Hermann Buhl, eta berak gauzatu zuten, 57an. Hiru urte geroago Kurt Diembergerrek, Peter Dienerrek, Ernst Forrerrek, Albin Schelbertek, Nyima Dorjik eta Nawang Dorjik Dhaulagiri zapaldu zuten lehen aldiz.
Halarik ere, bere bizitza markatu zuen esperientzia gordin bat pairatu behar izan zuen 1986an, K2 mendia eskalatu ostean. Non eta K2n. Beti da K2 mendia azken hitza izaten duena.
Abuztuaren 4an, Diemberger eta Julie Tullis bikoteak oina ipini zuen munduko bigarrenaren punturik gorenean. Handik gutxira, jaisten ari zirela, Julie erori zen eta kolpeagatik Diemberger eraman zuen berarekin. Zorionez malda piko hartan gelditzea lortu zuten, eta bizirik zeuden arren, gau bat pasatu behar izan zuten 8000 metroan, ezer gabe, ez dendarik, ez eta lo egiteko sakurik ere. Gero IV kanpamenduraino heltzea lortu zuten, eta une hartan, ekaitza lehertu zen. Hantxe beste eskalatzaile asko bildu ziren, eta egunak eman behar izan zituzten eguraldi deabruzko hura pasatu arte. Bitartean, hantxe bildu ziren asko hil ziren egunez egun, tartean Julie Tullis bikotea.
Willi Bauer eta Kurt Diemberger bizirik atera ziren alpinista bakarrak izan ziren. Guztira, bost mendizale hil ziren. Baina sasoi hura bereziki krudela izan zen, guztira hamahiru pertsona zendu baitziren K2ko maldetan.
Urte hartan, 1986an, menditzarra eskalatzeko baimen asko tramitatu ziren, eta hala, 10 herrialdetako alpinistak batu ziren kanpamentu nagusian, asko garai hartako famatuenak eta entzutetsuenak. Guztira ia 150 dendek koloreztatzen zuten hango parajea. Urte hartan, Wanda Rutkiewicz eta Lilliane Barrard lehen emakumeak izan ziren tontorrean. Mari Abregok eta Josema Casimirok ere sekulakoa burutu zuten, biok biotara.
Sasoiaren amaieran 27 alpinistek lortu zuten gailurrera heltzea, baina hildakoak ere asko ziren, lehen esan dudan bezala, 13, ia heren bat.
Geroago, han bizi izandako guztia liburu batean bildu zuen Kurt Diembergerrek. Gaztelaniaz argitaratu zen hemen, El nudo infinito. Dar-dar batean irakurtzen den maisu-lana da.
Kurt beti izan da miresturiko alpinista. Nik badut lagun bat, Jaume Gibernau katalana, Broad Peak espedizioan nirekin batera parte hartu zuena. Kanpamentu nagusirainoko tartea Ralf Dujmovits alpinista famatuarekin egin genuen. Azken horrek Kurt ezizena jarri zion Jaumeri, zeukan antzagatik, eta mendizaletasunari buruz beste inork baino datu gehiago gordetzen duelako bere buru gogorrean.
Azken hau gazteagoa da, hortaz benetakoarentzat, zorionak!