Urubkoren lineak

Denis Urubko./
Denis Urubko.

Juanra Madariaga
JUANRA MADARIAGA

Katmanduko Thamel auzunean Pilgrims Book House liburu-denda egon zen behin. 2013an osoki erre eta triskantza alejandrinoa gauzatu zen, milaka lan errauts bilakatu baitziren. Liburu zoragarriak zituen, eta handik pasatzen nintzen bakoitzean, ezinezkoa zen bere apalategietan ez galtzea. Bertako flora, mineral edota faunari buruzko lan bitxiak zeuden, bai eta esoterismo, yoga, filosofia, bidaia, eta munduko literaturari buruzkoak ere.

Handik etxeratu nuen behin, Koichiro Ohmori argazkilariaren Over the Himalaya liburua laukizuzena. Liburuak hegazkin txiki batetik mendi altuei ateratako argazki liluragarriak zekartzan. Makina bat aldiz haztatu ditut bere orriak, angelu perfektuak dituzten Nepalgo mendien argazkiak behin eta berriz ikusteko. Lan horrek zaletasun pribatu bat sorrarazi zidan: imajina horietan balizko igoaldiak gauzatu eta lineak berriak marrazten ditut.

Beti esaten dut egunen batean egingo ditudala linea horiek, baina errealitateak (eta buruak) beste zerbait esaten dit: «hi? Horrelakoetan gora?». Halarik ere, poztu ere egiten naiz bide hipotetiko horiek beste alpinista batzuek igotzen dizkidatenean. Beno, poztu eta pipertu era berean,… badakizue.

Bestelako argazki askotan ere linea partikularrak eta sekretuak bildu ditudan arren, inoiz lagunen batekin partekatu egin ditut.

Behin Alex Txikonen etxeko mahaiaren bueltan, gure lurraldetik emanaldi batzuk ematera etorririko Denis Urubkorekin juntatu ginen afari lasaian. Everesteko kanpamentu nagusian ere izan ginen elkarrekin, Alexey Bolotov zenarekin batera. Oso pertsona atsegina eta zabala da Denis, jatorra eta bromazalea. Lemoako afarian sortu zen gaia: sekretupeko igoaldiak eta lineak. «Nik badaukat bat Shishan»-esaten nion. «Bada nik beste bat Manaslun» -biok trufaka. «Tira, zeuk erakusten badidazu bat, nik beste bat emango dizut», eta hala ibili ginen nork osatzen zuen onena. Une hartantxe erakutsi genion elkarri Gasherbrum II mendian sor zitekeen bide posible bat, eta barrez lehertu ginen linea bera zela ohartu ginenean.

Banekien egunen batean, biok konpartituriko bide berriren baten ametsa Denisek gauzatuko zuena, bera baita gaur egungo alpinistarik indartsuenetako bat.

Eta hala izan da. Uda honetan, 24 ordutan, Honey Moon izeneko bidea zabaldu du Gasherbrum II mendian. Alberto Iñurrategirekin ere komentatu nuen orain Denisek forma eman dion linea hori, baina aretxabaletarrak «beste baterako utziko dugu, etorkizunerako» esan zidan. Bada, etorkizuna hemen dago, eta Denisek gaurkotu du. Estilo garbian, hasi eta buka, gelditu gabe, material gutxirekin, modu minimalistan, ia bi mila metro igota; Denis alpinista mutantea delako.

Tontorraren ostean esaldi borobilak utzi dizkigu: «Bizitza ekintza handiak egiteko aukera da. Ez da atzera egin behar ametsa errealitate bilakatu ahal denean.»

Seguruenik, ez da bide berri bakarra izango. Linea berriak konpartituko ditugu ostera ere, Denis?

Gasherbrumeko urubkoren linea berria.
Gasherbrumeko urubkoren linea berria.