Udazkena Himalaian (IV)
Gora egin nahi duzu. Ahalik eta lasterren hartu nahi duzu aklimatazioa. Behartu egiten dituzu zure globulu gorriak biderkatzera, oxigenoa zure garuneraino ahalbait eta ondoen eraman dezaten. Eta lehen egunetan horixe gertatzen da. Gogotsu abiatzen zara gorantz, eguraldiaren apetapean, euripean, elurra egiten duen bitartean,…berdin dizu.
Badakizu halako batean eguraldiak hobera egingo duela eta denak beste kolore bat hartuko duela. Baina egunek aurrera egiten dute, eta auria ez doa. Eguneroko zarata klimatikoa da, euriarena, zure dendaren oihalean. Eta ez du atertzeko itxurarik hartzen. Marmotaren eguna bizi ari zarela pentsatzen hasia zara.
Egunero berdin. Esnatu orduko zarata hori entzuten genuen. Tantak ziren, intentsitate ezberdinean, baina euriak dena blaitzen zuen, bai eta gure dendatxoetako barrualdeak ere. Arropa guztia busti zen. Ia guztia bustita, eta lehortzeko aukera gutxi izan genuen sasoi hartan. Izan ere, hiru egunetan ikusi ahal izan genuen mendia eguzkipean. Egun horietan bere beroaren fereka sentitu ahal izan genuen. Baina zoritxarrez espejismo hutsa izan zen, arratsaldea berriz lainotu baitzen, eta berriz hasi zuen euria.
Desesperatu gabe (edo bai?) gorako lanetan hasi ginen. Lehen kanpamentu muntatu, lo egin, jaitsi, bigarrenera joan, muntatu, lo egin, jaitsi, eguneroko errituala, eta lan horren erdian eguraldi txarreko espazioak, batzuetan aste oso bat. Eta bai, azkenean desesperatu ginen.
Halako batean, jabetzeke, gailurrerako egun posibleak agertu ziren (beti izaten dira irailaren azken egunak, edota urriaren lehenak), eta horien artean bat, guretzat ederrena izango zena, aukeratu behar izan genuen. Tartean, eguraldiak ez zuen hobetzeko inolako keinurik egiten, eta gure begitartea iluntzen hasi zen.
Eta bat-batean mendiak bere amarru pertsonalak erakutsi zituen. Elurrez karga eginda zegoen eta astindu nahi izan zuen karga hura. Lehen elur-jausiak agertu ziren. Horietariko bat hirugarren eta laugarren kanpamentuen artean. Lazgarria izan zen. Hiruzpalau pertsona hil ziren. Gure beldurra areagotu egin zen baina printzipio logiko bati heldu genion leloen moduan: «abalantxa bat egon den tokian ez da bigarren bat gertatuko». Eta hala izan zen, toki horretan ez zen bigarren bat gertatu, baina mendi osoan hasi ginen beren burrunbak entzuten. Baldintzak ez ziren onenak.
Halarik ere, eta barruko motibazioari (gero eta ahulago zena) atxikirik gailurreranzko erasoan murgildu ginen irailaren azken egunetan. Zalantzaz beterik abiatu ginen gorantz, kanpotik jasotzen genuen meteoak ez baitzuen inondik inora ere asmatzen. Gure gailurrerako egunean haize dezente iragarrita zegoen, baina hortzak estututa aukera bat izango genuelakoan geunden.
Gure motibazioa tristura bilakatu zen 7000 metro pasatxoan haizeak buelta emateko mezua oso modu esplizituan luzatu zigunean. Zeru beltzak, hodei are beltzagoez beterik, eta in cescento zegoen haize batek atzera bota zuten gure ilusioa.
Jaitsiera ere oso tristea izan zen. Hurrengo eguna, guk gailurrerako aukeratu genuena, are txarragoa izan zen, eta elurtza handi batek dena estali zuen. Eskerrak alde egin genuela. Elur horrek guztiak goian harrapatuz gero, gorriak ikusiko genituzkeen handik goitik jaitsi ahal izateko, akumulaturiko nekearekin, gainera.
Egun horretan, elur-jausi asko izan ziren, eta zoritxarrez beste hildako bat izan zen bigarren kanpamentutik hurbil.
Argi zegoen Manaslu mendiak bere ateak itxi, eta udazkenean atsedena hartu nahi zuela, eta ez da harritzekoa, ehunka turista, arrakastaren neurotikoak, hurbildu baitziren bere oinetaraino heroiak izateko gogoz.
Baina zelako jendea! Batek, rappel bat egitekotan geundela atzera begiratu eta esan zidan: barkatu, badakizu tramankulu hau zelan dabilen? Zortzia zeukan eskuetan. Tipoak ez zuen inoiz erabili jaisteko aparatua!!!
Beste askok ere ez zekiten bota handiekin ibiltzen, eta horietariko askori kranpoiak janzten zizkieten sherpek. Artalde horretako askok ere helikopteroa erabili zuten eguraldi txarreko egunetan Katmandun atsedena hartzeko eta lasai egoteko, eta gero buelta kanpamentu nagusira. Eguneroko soinu estridentea eta kantsagarria zen, helikopteroena. Egunerokoa. Nazkagarria!
Manaslu negozioaren jomuga eta sasi-mendizaleentzako helburua bilakatu da, kosta lain kosta, diru kantitate pentsaezinak ordaintzen baitituzte heroi bilakatu nahi duten turista horiek. Hori da orain mendiak igotzeko sortu duten estiloa.
Hortaz, esan daiteke 8000 metrotako mendietan amaitu dela himalayismoa. Bide arruntak bertako agentziek erabiliko baitituzte, irabazlearen antropologia eginez, bezeroak lasai eta pozik igo daitezen. Hortik kanpo, nahi duzuna, izan ere, hortik kanpo himalayismo berria dago deika.
Espedizioa amaitu zen. Mendiak agur egin zigun eguzkipean, ia burla eginez, eta nik agur esan nion. Ez bainaiz hara inoiz ere bueltatuko.