Trangoko Izenik Gabeko Dorrea
1976an, egun hauetan, Karakorumeko Trangoko Izenik Gabeko Dorrea (6239 m) eskalatu zen lehen aldiz. Trangoko dorreak oso famatuak dira Pakistanen (eta munduan), bai eta ikusgarriak ere. Baltoro glaziarraren ezkerraldean zeruari mehatxuka altxatzen dira granitozko etxe-orratzen gisan, baina luzera sinestezinarekin. K2ra edota Gasherbrum eta Broad Peak mendietara abiatzen zarenean, bertatik bertara begiztatu ahal dituzu. Gerturatze ibilaldian, Urdukas kanpamentua jartzen da eta hortik dagoen ikuspegia haluzinagarria da. Orratzak zoragarriak dira!
Munduan dauden bertikaltasunik handienetako batzuk dira eta eskalatzaile askoren jomuga izan dira urteetan. Bertan ere igoera dramatiko batzuk gertatu dira. Hango eskaladak oso zailak dira, eta gainera graduaren gogortasunari altuera bera ere gehitzen zaio, eta nahasketa horrek oso espedizio potente bilakatzen du ahalegina. Egun askotako tentaldia eskatzen dute, horrexegatik ez dira asko horra abiatzen direnak, eskalatzaile zailduak ez badira behintzat.
Dorre hori Britania Handiko talde indartsu batek eskalatu zuen lehen aldiz: Joe Brown, Mo Anthoine, Martin Boysen eta Malcolm Howells izan ziren protagonistak. Gero esloveniarrak agertu ziren eta beste bide batzuk zabaldu zituzten, beti ere, teknika pisutsuan eta material askorekin.
Baina era librean eskalatzeko moda Karakorumera ere heldu zen, eta 1988an, Kurt Albert, Wolfgang Güllich eta Hartmut Munchenbach osaturiko talde bati esker jugoslaviarren linea eskalatu zen era horretan.
Europako eta Ameriketako eskalada teknika eta estilo modernoak Himalaiara eraman ziren lehen aldiz, eta horrek maila altuko eskaladaren garapena ekarri zuen. Altuerak ez zuen beldurrik ematen harrian gora aritzeko.
Hurrengo urtean, 1989ean, eskalada mota horrek eztanda egin zuen bertan, eta Kurt Albert, Wolfgang Güllich, Milan Sykora eta Christoph Stiegler eskalatzaile mutanteek Eternal Flame izeneko bidea zabaldu zuten bertan. Linea ez zen modu librean erabat osatu, soka-luzeren bat era artifizialean burutu behar izan baitzuten. 2009an, Franz Hinterbrandner eta Mario Walder lagunek, eta Alexander eta Thomas Huber anaiek dena era librean kateatzea lortu zuten, baina beste linea baten zatia zabalduz. Lehenago beste anaia batzuek, Pou anaia euskaldunak linea horretan ere saiatu ziren, eta soka-luze zail hori kateatzea lortu ez bazuten ere, ondorik beste bariante bat zabaldu zuten era librean bide osoa eskalatu ahal izateko.
1990ean, Dorreak emakumezkoen lehen igoera ere hartu zuen Catherine Destivelleren eskutik, Jeff Lowe eta David Breashears bikotearen laguntzarekin.
Dorrearen hormek beste eskalatzaile asko liluratu ditu, eta egunotan, Edu Marin eskalatzaile espainiarra Dorreranzko bidean dago. Bere asmoa Eternal Flame linea osoa era librean eskalatzea. Berarekin Miquel Mas eskalatzailea, eta Marc Subirana alturako kamera joango dira. Berak dio, soka-luzeak ez direla oso zailak, baina bertako baldintza klimatologikoak eta altuerak sekulako eragina izango dutela. Eta hala da.
Askorentzat eskalatu ez den zati hori ezinezkoa da, oso bertikala baita, eta sekzio horretako harria oso leun-leuna.
Ea bere ametsa betetzen duen!