Sergi Mingote katalanaren K2a
K2 mendizale askoren jomugan jarriko da aurten. Neguko espedizioen artean horixe izango da nabarmena, indartsuena, handiena, ikusgarriena, zailena eta hotzena. Datorren urteko lehen hilabeteetan protagonista asko hurbilduko dira bere oinetara, tartean, Sergi Mingote katalana. Manaslu mendian elkartu ginen Sergi eta biok. Hasierarik ikusi genuen oso morrosko indartsu eta jator baten aurrean geundela. Bere materiala ez zitzaion garaiz heldu eta nire kranpoiak utzi nizkion mendiko lehen aldapak probatzeko eta altuerarako aklimatazioarekin hasi ahal izateko. Hantxe pasatu genituen ordu dezente te katilukadak hartzen, berbaro goxoan. Besteok azken kanpamentuetaraino bidean geundela, bera tontorretik ari zen jaisten, pozarren eta indartsu. Manaslu eta beste 9 lortu ditu dagoeneko, eta gutxi batzuk falta zaizkio urrezko zerrendan sartzeko, berak guzti-guztiak oxigeno barik igo nahi baititu.
Urte honetan, besteok bezala, estu eta larri pasatu du inora joan gabe, baina orain, neguko K2ko espedizioaren atea zabaldu zaio, eta ederki probestu nahi izan du. Berak badaki zelako zailtasunak dituzten mendi horrek eta bere klimatologiak, eta arrakasta lortzea ez da batere erraza izango. Broad Peak mendia igo ostean, K2ko tontorrera heldu zen duela urte batzuk. Indar erakustaldi bikaina izan zen hura. Nahiz eta azken tontor horretatik beherako bidean galtzeko zorian ibil zen. Zorionez dena ondo atera zitzaion eta hurrengo egunean K2ko kanpamentu nagusian zegoen onik eta alai, lortutako erronka zaila baitzen oso.
Oraingo neguari dagokionez, berak dio 8000 metroko kota horretara heltzea sekulako lorpena izango dela, izan ere, ez da altuera horretatik inortxo ere pasatu. Denis Urubko alpinista basapiztia, 2003an, 7.700 metroko marrara heldu zen eta buelta hartu behar izan zuen eguraldia erabat gaiztotu baitzen. Beraz, hor dago gainditu beharreko altuera.
Espedizio komertziala izango da eta sorleku ezberdinetako lagunak bilduko dira Sergirekin, baina, berak lideratuko du proiektua. Oraindik ez ditu 50 urteak bete eta sasoirik onenean dagoela dio.
Han bakoitza arituko da lidergoaren argibideei jarraiturik, baina bakoitzak, adibidez, erabakiko du oxigenoa erabili edo ez. Sherpek bai, gas lagungarri hori erabiliko dute, horiek izango baitira jo eta fuego, gora eta behera ibiliko direnak, soka tinkoak jartzen eta bidea behar bezala zabaltzen eta markatzen.
Abenduaren 19an aterako dira harantz, eta 20an, denok bilduko dira Islamabad hiriburuan. Datorren urteko urtarrilaren hasieran menditzarraren oinetan izango dira, eta aurretik bi hilabete gogor izango dituzte, munduko bigarren handienaren bizarretara igotzen ahalegintzeko. Lortuko dute? Inshallah.