Pakistango ederrenak (II)

Pakistango ederrenak (II)
Juanra Madariaga

Juanra Madariaga
JUANRA MADARIAGA

Baltoro glaziarren gabiltza oraindik. Gore II izeneko tokitik ingurura begiratuta, erraldoi bat dugu atzean: Masherbrum (7.821m). 1960an, George Irving Bell eta Willi Unsoeld alpinistek tontor txikia zapaldu zuten. Harrezkero, begi askok behatu dituzte gorantz zabaltzen dituen linea posibleak, baina oso pertsona gutxi izan da bere tontorrean. Handiegia da, zorrotzegia da, arriskutsuegia da. David Lama eskalatzaile zendu berriak posible ikusten zuen harrizko amildegietatik gora abiatzea, eta horretarako beharrezkoak ziren kemena eta indarra ere horretan xahutzeko gaitasuna zuelakoan bazegoen. Tamalez, ez dugu inoiz jakingo amets hori errealitate bihur zezakeen.

Martin Conwayk Pariseko Concordia Plaza gomutatuz, Baltoro eta Godwin-Austen glaziarrak elkar besarkatzen duten tokiari Concordia izena ere jarri zion. Hortik dagoen ikuspegia txundigarria da. 360 graduko bira eginda eta hainbat kilometrotara begiratuta, berrogei mendik 6.500 metro baino gehiago dituzte, eta bertantxe, munduko mendirik altuenetako batzuk kokatzen dira. Aurrez aurre, 8000 metroko marra ikusiezin horretara metro batzuk faltan dituen Gasherbrum IV (7912 m) dugu. Eskuraezinena, bertikalena, geometria perfektua duena, eta gutxitan eskalatua izan dena. Lehenengo gloria bi italiar handik eskuratu zuten: Walter Bonatti eta Carlo Mauri. Sona handiko Riccardo Cassin izan zen espedizio-burua.

Juanra Madariaga

Ostean saio bitxiak helduko ziren, eta horien artean, aditu askorentzat munduko eskaladarik harrigarriena burutu zuten Voytek Kurtyka eta Robert Schauer bikotearena. 2008an ere, askorentzat eredu izan den lagun koadrila batek begiak iltzatu zituen mendi horretan. Ausarten taldea Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo, Jose Carlos Tamayo, Mikel Zabalza eta Ferran Latorre lagunek osatu zuten. Tontor nagusira heldu ez baziren ere, eskalada bikaina burutu zuten neurrigabeko mendi horretan.

Baltoro glaziarraren sorbururantz begiratuta bertako handienekin topatuko gara: Broad Peak (8.047m ) eta munduko mendirik altuenenetan bigarrena den K2 edo Chogori (8.611m). Eskumatara Gasherbrum I eta II handiak ere zerura begira daude. Zur eta lur lotuko gara, begiak zabal-zabalik. Kontenplazio arinean murgildu eta sentsazio deskribaezinen jabe bilakatuko gara.

Hemen, naturaren tamaina neurtezinarekin batera, beste luze-labur batzuk topatuko ditugu erraz. Norberarenak. Geure txikitasuna. Geure ahultasuna. Ezdeusak garela sentituko dugu, eta hori ere gauza handia da.

Temas

Elkar, K2