Nanga Parbat, 1953. urtean
Austriako eta Alemaniako alpinistek osaturiko espedizio batek Nanga Parbat mendia igo zuen uztailaren 3an, hil honetan, baina 1953. urtean. Mendi Biluzia izena duen menditzarrak 8.125 metro ditu, eta handienen artean bederatzigarrena da bere altueran.
Indo ibaiaren ertzetatik gora altxatzen da munstroa eta bakarra da eskualde horretan. Islamabadetik Skardura joateko bidean beti izaten duzu gainetik, eta Gilgitik ikusten den paisaia txundigarria da mendiak bere aurpegirik ederrena erakusten duenean. Zer esanik ez, bidaia hori hegazkinez egiten baduzu. Ia altuera berean begiratu ahal diozu Nangari, eta bere malda pikoek harrituko zaituzte erabat. Kanpamentu nagusia 4500 metro inguruan jartzen da belardi berde batzuetan, eta tontorra ia 4000 metro gorago kokatzen da, txori bakan batzuek hegan egin dezaketen atmosferan. Dimentsioak itzelak dira, eta igo beharreko metroak luzeak, oso luzeak.
Hasierako garaietan, mendi hori igotzen saiatu zirenek heriotzaren hatzaparrak sentitu zituzten, eta ondorioz, horietariko asko bere malda arriskugarrietan behera erori ziren betiko. Alpinista asko izan ziren bere magalean bizia galdu zutenak, eta horrexegatik, Mendi Hiltzailea ezizena ere jarri zioten.
Nanga Parbat Rakhiot aldetik igo zen lehen aldiz eta igoera hark protagonista bakarra izan zuen: Hermann Buhl austriarra. Karl Herrligkoffer polifazetikoak espedizio hura antolatu zuen urterako 30 pertsona baino gehiago zenduak ziren mendi gigante hartan, izan ere, lehen saio serioak 1932 eta 1934 urteetan egin ziren. Baina horiek baino lehenago, 1895ean tentaldiak hasi ziren Albert Mummery mendizalearekin. Horrek Diamir aldean 7000 metroraino igotzea lortu zuen, baina bera eta bi lagun gurkha hil ziren bertan.
Geroago, aipaturiko urte horietan, alemaniarrek hartu zuten protagonismoa. Paul Bauer-ek lideratu zituen bi espedizio 1930ean eta 1931ean. Willy Merkl-ek hartu zuen lekukoa 1932an, eta 34an (azken hori nazien gobernuaren babesarekin). Azken horretan makina bat alpinista hil ziren nekearen nekeaz, eta agonia luze baten ostean (Beste egun batean kontatuko dugu istorio hori).
Hurrengoan, 1937an, Karl Wien-ek lidergoa hartu zuen baina zoritxarrak hondatu zuen bidaia. Elur-jausi batek 16 alpinista tragatu zituen. Alemaniarrek azken saio bat egin zuten 1938an, Paul Bauer buru zela berriz, baina arriskuak (eta beldurrak) ikusita atzera egin zuten berriz.
Urteak joan, urteak etorri, 1953. urtean menditzarra igo zen azkenean, igoera historiko eta dramatiko batekin. Azken kanpamentua prestatu zuten Hermann Buhl austriarrak eta Otto Kempterrek eguraldiak hobera egin zuelako eta behetik zetozen jaisteko aginduei jaramonik egin gabe, Nanga Parbat igotzen saiatzea erabaki zutelako.
Uztailaren 3an, lehen argi printzak zeruan zeudela, tontorrera abiatu ziren, Buhl eta Kempter, biok biotara. Buhl oso indartsu sentitzen zen eta Kempter lagunak jaistea erabaki zuenean ez zuen atzera egin. Makina bat ordutan beranduago eta erabat ahiturik Nanga Parbateko tontorra zapaldu zuen oxigeno botilarik gabe.
Gailur hartan, piolet bat eta Pakistango banderak utzi zituen, eta elementu horiei argazkiak egin eta gero beherako bidea hartu zuen. Gero drama etorri zen. Kranpoi bat galdu zuen eta gauak dena ilundu zuen. Altura hartan, ia 8000 metroan, bibak bat egin behar izan zuen gau lisergiko baten giroan. Ez lo egiteko sakurik, ez janaririk, ez babesteko arropa sendorik. Baina bizirik segitu zuen Pervitin (anfetamina) eta Padutin (odol zirkulazioaren estimulatzailea) pilulak hartuta.
Ia 40 ordu geroago utzitako kanpamentura itzuli zen. Pozik.