

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Aspaldiko aldarrikapena-edo bada gailur sekundarioen afera. Badakigu 14 direna munduko gailurrik altuenak, baina horien inguruan beste punta batzuk, oso altuak direnak ere altxatu egiten dira modu lotsagabeenean. Batzuk igota daude, gizakiaren abentura-goseak ez baitu mugarik, baina baten bat oraindik gizakiak oina jarri barik dago aratz.
Ez dakit Nepaleko Gobernuak edo Nepal Mountaineering Association horrek gailur horiek zabalduko dituen azkenik, baina gozoki ederrak lirateke marka arraroen atzetik eta puntako errekor horien atzetik dabiltzan askorentzat. Agian alturako turismoa sakabanatuko litzateke bere gailur horietan, eta masifikazioak, hein batean, gutxituko lirateke. Halarik ere, ez dut uste alpinista ausart askorik animatuko liratekeenik, bertan soka tinkorik, urrats preparaturik, eta bestelako erosotasunik ez litzateke egongo eta. Lan itzela izango litzateke horrela baten bizarretan gora abiatzea.
Tira, kontua da, Nepalek beste sei zortzimilako mendi erraldoi zerrenda nagusian sartu nahi dituela modu ofizialean. Ezagunak dira guztiak, eta konplexuak ere bai. Horietako lau Kangchenjunga mendiaren inguruan daude: Yalung Kang, Mendebaldeko Yalung Kang, Hego Kangchenjunga eta Erdiko Kangchenjunga; eta beste bi Lhotse mendiaren inguruan: Erdiko Lhotse Medio eta Lhotse Shar.
Datu teknikoetan galdu nahi baduzue, hangoen aburuz, tontor batek berezko izaera du baldin eta beste tontor batetik bereizten duen lepoko punturik baxueneraino 500 metroko distantzia badago, eta beste tontor batekin partekatzen ez diren ibilbide ezberdinak baldin baditu. Parametro honi jarraituz gero, proposatutako gailurrek beteko lituzkete. Hala ere, mendi baten gailurretik jaitsi behar den gutxieneko desnibela, beste tontor batera iristeko 300 metro edo gehiago izan beharko lirateke, eta arau hori badirudi ez dutela betetzen.
Tira, berdin da zerrenda nagusira gehitzen dituzten ala ez. Zortzi mila metroko mendiak dira, hor daude, eta alpinista askoren begietan iltzaturik izan dira betidanik.
Yalung Kang (8.505 m.) bereziki, mendi preziatu bat izan da euskaldunentzat.
1984an, Yalung Kang hego aurpegiko bide berri batetik, Jose Luis Zuloaga Zulu eta Paco Chavarri 7.500 metrora iritsi ziren Poloniako alpinista batzuekin batera.
1988an, Josu Bereziartua, Pako Iriarte, Joxe Urbieta, Benantxio Irureta, Pello Aranburu, losu Arrieta, Francisco Javier Maiz Mahatza eta Rosa Maria Segues bildu ziren bere oinetan Azpeitia-Yalung Kang espedizioarena izenburupean.
Benantxio Irureta goraino heldu zen urte hartako urriaren 11n, bera bakarrik.
Hauxe da egun hartako kronika: «Bereciartua eta Benantxio 4. kanpamentutik irten ziren. Handik gutxira, lehena atzera itzultzea erabaki zuen eskuetan izozteak zituelako. Baina beranduago atera ziren guztiak berriz. Denbora horretan, Benantxiok aurrera egiten jarraitu zuen indarrez, erabakitasunez eta azkar. Azkenean komunikatzea lortzen dutenean, denboraz ondo doazela esan zuten, eta gauzak horrela jarraituz gero, ordu biak aldera iritsiko direla gailurrera, zioten.
Baina, zoritxarrez, gauzak aldatu egin ziren, eta une batzuk geroago, egoera oso bestelakoa zen. Bereziartuari harri handi bat erori zitzaion buruan, konortea erdi galduta zuen eta biak jaitsi ziren.
Benantxiok aurretik jarraitzen zuen, bere atzean zer gertatzen ari zen jakin gabe, indar handiz jarraitzen zuen eta ordu bata aldera, eta kataleju indartsu bati esker, kanpamentu nagusitik, gailurrerainoko azken metroak egiten ikusi zuten.
Gailurrean minutu batzuk eman ondoren, eta taldekideen pozaren berri izan gabe, irabazle bakartiak jaitsiera arriskutsuari ekingo zion. Arratsaldeko 3 eta erdiak aldera, leher eginda baina pozik, azken kanpamentura iritsi zen».
Urte batzuk beranduago Josu Bereziartua, Juan Vallejo, Mikel Zabalza, Ferrán Latorre eta Juanito Oiarzabal ere bertan aritu ziren, baina ez zuten gailurrik lortu.
Bizpahiru urte atzera eginez, Peter Hamor Yalung Kang-etik Kangchenjungako gailurreraino zeharkatzen saiatu zen, Horia Colibasanu eta Marius Gane errumaniar lagunekin, baina kale egin zuten.
Aspalditik ez da mendi horretan gailurrik egin, baina, agian orain, baliteke dena aldatzea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Pillado en la A-1 drogado, con un arma y con más de 39.000 euros
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.