Manaslu negu-miñean
Negu-neguan, horixe da erronka. Negutik at bestelakoa da, baina Nepaleko Manaslu (8.163 m) mendia negu-minean igotzea muturreko abentura bilakatuko zaio aurten neguko alpinista piztiari, Alex Txikoni.
Mendi hori abendu batean igo zen (Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrek 1984. urteko urtarrilaren 12an lortu zuten tontorra zapaltzea) baina espedizio hura negutik kanpo (abenduaren 3an) hasi zenez, puristek diote ezin dela neguko espediziotzat hartu, eta horrexegatik, Txikonen aurtengo espedizioa neguaren luze-laburretan hasi eta bukatu egingo da osoki.
Abenduaren 28an aurkeztu zuen abentura handia Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kiroletako Foru Diputatuak, Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko Zuzendari Nagusiak, Jose Galindez EKI Fundazioko presidenteak eta Aquadat enpresako Jorge Garcia del Arcok lagunduta. Izan ere, mendizaletasunaz haratago doan espedizio bat izango da Manaslu EKI izenekoa. «Gure erronka berri honek balio humanitario handia du. Baita iraunkortasunarekiko eta energia berriztagarrienganako konpromezu sendoa ere», esan zuen Alexek. Horiexek dira espedizioaren gakoak, energia elektriko iturri autonomoak banatzea garapen-bidean dauden herrialdeetako osasun-zentroetan. Horretaz gain, zientziari ekarpena egiteko, bertako uretako osagaien neurketak egingo dituzte hainbat lagin hartuta, ea mikroplastikorik ote dagoen ikusi ahal izateko. Modu horretan ur horiek bertako herrietako populazioan sor ditzaketen kalteak neurtu ahal izango dira.
Ikus daitekeenez, mendizaletasuna ez da Alexek ukitzen duen ildo bakarra. Urteen poderioz bildutako eskarmentuari esker kontzientzia handia hartu du naturan sortzen ari garen kalteaz, eta bere esku dagoen guztia egiten ari da (eta egingo du) deskalabru hori eteteko, bisitatzen dituen herrialdeetako bizilagunen bizi-kalitatea ere hobetzen saiatuz.
Baina mendiaren oinetan dendak ezarri eta asteak emango dituzte Manaslu handiaren bizarretara igotzeko ahaleginetan. Aurtengo alpinista taldea berezia da, hiru pertsonek osaturikoa izango baita, talde txikia, beraz: Iñaki Alvarez eta Alex Txikon euskal alpinistak Simone Moro italiarrarekin elkartuko dira Manaslu neguan igotzeko, hiruron indarrak batuz. Gailur nagusiari heltzeko gogoaz gain, Ekialdeko Erpina (7.992 m) zapaltzeko asmoa ere badute. Beheko araneko Samagaon herritik ikusten den orratz zoragarria da erpin hura, gailurretik makina bat metrotara aldentzen dena, eta letagin izugarriaren forma daukana. Erdietsiz gero lehen errepikapena izango litzateke, urte dezente atzerago bi handiek, Jerzy Kukuczka eta Artur Hajzer poloniarrek puntatxo txikia zapaldu baitzuten.
Helburu bikoitza da, eta izugarria bere horretan. Lehenik tontor nagusirantz abiatuko dira. Lehen eta bigarren kanpamentuaren artean glaziar kaotiko bat dago eta horixe izango da oztopo handienetako bat. Gorago, hirugarrenetik laugarrenera, malda pikoa hasten da eta seguruenik izotz bizi-bizia topatuko dute, 7.400 metroan laugarren kanpamentua jarri baino lehen.
Beste aldetik, elur metaketa izugarriak izaten dira neguan, eta horraino heltzeko gorriak ikusiko dituztelakoan nago, baina gailurrerako saioan hura lortuz gero, beherako bidean errebuelta handi bat egin beharko dute bigarren puntara heltzeko eta handik berriz zeharkaldi luze eta arriskutsu bat gorakoan hartu duten bide normaleraino berriz iristeko. Indar erakustaldi bikaina eta muturrekoa izango litzateke hura, eta seguruenik oso baldintza klimatologiko gogorretan.
Manaslu oso mendi bitxia da. Udazkenean domestikatu egiten da, eguraldi oneko sasoi luzeak eskaintzen dituenean, eta sherpa andana batek bere bezeroak puntara lasaitasunez heltzeko bidea erabat zapaldurik eta sokaz horniturik ezartzen duenean. Udaberrian klimatologia oso txarra da eta elurtzak maiz izaten dira. Neguan ostera, hori guztia biderkatu egiten da. Eguraldi txarreko tarteak sakonagoak dira eta horiek uzten duten elur kantitatea izugarria izaten da.
Hortaz ez da mendi erraza, udazkenean jende askok igortzen du, udaberrian ez da espediziorik egiten, ez eta neguan ere, salbu eta azken urtaroaren magiarekin liluraturik dauden batzuen ametsa bilakatzen denean.
Ea magia horrek ostarte zabal batzuk eskaintzen dizkien alpinistei punturik gorenera ailegatu ahal izateko.
«Bukatu gabe dagoen erronka zintzilik uztea ez dut gustuko. Porrotak onartzen ditut, baina zabalik dauden proiektuak bukatzeko dudan motibazioak ez du etenik. Beraz, hirugarrenez, heldu den neguan Manaslu mendira (8.163 m) itzuliko naiz; aurreko bi ekinaldiak biribiltzeko intentzioarekin. Zortzimilako hori nondik igoko dudan kanpaleku nagusian erabakiko dut, elurraren baldintzek eta mendiak agintzen baitute. Hirugarren ekinaldi horri Iñaki Alvarez eta Alex Txikonekin ekingo diot».
Hitz horiek Simone Morok argitaratu berri ditu bere Facebook-ean. Jakin bagenekien, Txikonek Nepalgo zortzimilako bat neguan igotzeko helburu zuela, baina, momentuz, ofizialki ez du ezer baieztatu. Beraz, alpinista italiarra izan da espedizio hori egingo dela baieztatu duena. Morok bi euskal alpinista alboan izango ditu: Alvarez zumarragarra eta Txikon lemoarra.
Bada, gogoratu behar dugu notizia hau argitaratu duen alpinista neguko zortzimilakoetan egungo espezialista handiena dela. Bederen, kopuruari begiratzen badiogu. Denera, orain arte lau igo ditu: Shisha Pangma (2005), Makalu (2009), Gasherbrum II (2011) eta Nanga Parbat (2016). Azken hau Ali Sadpara eta Txikonekin batera. Manaslu, berriz, hirugarren bisitan sinatu nahi du.
Xede bikoitza.