Manaslu (I)

Pakistango mendietako sasoia amaitu da. Hango parajeak berriz hustu dira, eta ez da mendebaldeko bisitaririk berriz agertuko, harik eta neguko haizeteek bestelako arnaste bat egiteko abagunea sortzen duten arte

Manaslu (I)
Juanra Madariaga
JUANRA MADARIAGA

Mendizale guztiak Nepalera joan ohi dira udazkenean, montzoiak jotako lurraldeek atsedena hartzen dute euritearen ostean, eta kolore ezberdinez janzten dira goiko lautadak eta bailarak. Nepaleko mendi handienetako aroa hainbat erraldoietan gauzatzen da. Aspaldian Cho-Oyu eta Shisha Pangma mendiak ziren ohiko jomuga. Bietara joateko Tibetera jotzea beharrezkoa zen, baina aspalditik Txinako gobernuak azaro handiak jartzen dizkio hara joan nahi duenari, eta Nepaleko negozioaren alde bultzaka, espedizio-agentziak beste mendi bat eskaintzen hasi ziren alturako alpinisten goseari bazka emateko.

Orain, udazkenean, modan dago Manaslu mendia (8.156m). Bertako klimatologia oso bitxia da, apartekoa, eta arraroa da eguraldi ona izatea, baina udazkenean badirudi bertako jaungoikoak lasaiago dabilela, eta hala, eguraldiak azken erpinera heltzeko aukeraren bat eman ohi du. Hortik kanpo negargarria da eguraldia. Neguan elurtza handiak eta pisutsuak ematen dira, hiruzpalau metrokoak, eskalada ezinezko eta arriskugarri bilakatzen dutenak. Udaberrian, eguzkiak jotzen duen arren, elurroldeak arruntak dira, eta anitzetan jarritako dendak eta materiala elur geruzaren azpian desagertzen dira. Gureak urraturik izan ziren, eta ehunka metro soka, iltzeak eta bestelako materiala galdu genituen. Betiko galdu ere, denbora dezente palarekin aritu baginen ere, ez baikenuen elur sakonean inolako arrastorik ere aurkitu.

Udagoienean gauzak erabat aldatzen dira. Jende elemenia metatzen da Manasluko kanpamentu nagusian, batez ere txinatarrak eta japoniarrak, zientoka. Eurekin batera sherpa batailoi bat ere izaten da, sasi-mendizale hauei beharrezkoa den hornidura eta laguntza emateko prest (eta bide batez, diru dezente poltsikoratzeko prest). Beno, egia esan, hauek barik bakan batzuk helduko lirateke puntara, askok eta askok mendirako ezagutza minimorik ez baitute. Tamalgarria da aldapan gora ikustea, inolako abilidaderik gabe, arnasestuka, lehertuta, izerdi patsetan, destorbua eginez. Hau kalamitatea! Ikusgarria da bertako izotzeko hormetan edo serak-etan ensaioak egiten hasten direnean: pioleta nola oratu, bota estreinatu berriak nola jarri behar diren, sokak nola erabili, mosketoiak nola ireki eta kendu,… . Mendira etortzen diren lehen aldia izaten da askorentzat, eta 8000 metroko mendi batera hurbiltzen dira. Ezjakintasunak balentria ematen diete, antza, eta ez dute arriskua inondik ere sumatzen.

Gorako saioetan nahi beste oxigeno botila erabiliko dituzte, kontrolik gabe, eta sherpa batek edo bik artatuko du sasi-mendizale bakoitza, harik eta gailurrera heltzen den arte. Batzuetan bota jarri eta kendu, kranpoiak jarri eta kendu, bazkaria edota afaria egin, …eta abar. Batzuetan sherpak zerbitzari hutsak direla ematen du, maiordomoak.

Mendi erraldoia domestikatu egiten dute esperientziarik gabeko turisten apetan jarri arte. Himalayismoa hil da, eta negozioa hedatu da nonahi.

Temas

Euskera