K2ko neguko espedizioan 50 pertsona inguru
Ez dakit horren talde handia inoiz osatu ote den 8000 metroko mendi handi bat igotzen saiatzeko. Ez dut uste himalayismoaren historian horrelakorik gertatu denik (Everesten txinatarrek eginiko espedizioak kenduta). Bada horixe da K2 mendian gertatuko dena aurten bertan bilduko den jende paketarekin. Ez dira guztiak espedizio berean joango, batzuek hain pilaturik ez egoteko kanpamentu propioa osatuko dute, baina denok -esaten duten moduan-, haien arteko sinergiak erabiliko dituzte, oso beharrezkoak izango baitira mendian.
Halarik ere, nekez ulertu ahal dira K2k sortu duen bera igotzeko ikusmira eta motibazio izugarri horiek. Zergatik ote? Bai, neguan igotzen falta den azkena da, baina modu horretan egin behar da? Eraso jendetsua, estrategia pisutsuarekin, alpinismo modernoaren zantzurik edukiko ez duen makro-atake batean?
Aurten seguruenik igoko dute. Zalantza handirik ez dago. Sherpa andana doa, eta oxigeno dezente ere egongo da kanpamentuan, nahi beste egunetan gora eta behera aritzeko moduan. Hor, benetako erronka, oxigenorik gabeko igoera egitea izango da, eta horretako espezialista batzuk ere joan dira, adibidez Tamara Lunger eta Alex Gavan, edota Sergi Mingote eta Juan Pablo Mohr txiletarra. Horiez gain honako sherpa alpinistak egongo dira: Lakpa Dendi, Temba Bhote, Mingtemba, Gelje, Gesman Tamang, Sonam, Sanu eta Kami Rita.
Igoera posible bat egiteko aukera galdu nahi ez duten beste batzuk, mendebaldeko batzuk ere hantxe prest agertu dira: Atanas Skatov, Antonios Sykaris, Mattia Conte, Josette Valloton, Magdalena Gorzkowska, Waldemar Kowalewski, Oswaldo Rodrigo Pereira, Bernhard Lippert, Peter Moerman, Tomaz Rotar, Arnold Coster, Bob Bhania , Colin O'Brady, Noel Hanna eta Sheny Mehmed Benzesh. Eta Nirmal Purja, hamalauak urte betean igo zituen mutila hantxe ere egongo da.
Guztira berrogeita hamar pertsona baino gehiago K2ko kanpamentu nagusian, eta neguan. Inoiz halakorik! Agian jendeak pandemiatik urrundu nahi izan du, egonezinak jota edonora abiatzeko prest agertu delako, eta K2 mendia oso goxoki ederra da, jende askorekin –agian- menderatu daitekeen piztia delako.
Dena dela, negua infernua da, eta horra joan diren askok ez dakite urtaro horrek erakusten duen indarraren kalibrea zertan den.
Batzuk ari dira lehen kanpamentuak jartzen eta beste batzuk bidean dira oraindik. Gabonak ondo pasatuko dute, baina gerokoa inkognita hutsa da. Lagun gisan eta onik berriz etxeratzea oparirik onena izango litzateke guztiontzat.
Datozen asteetan jakingo dugu.