K2ko eskalada epika
Jerzy Kukuczka eta Tadeusz Piotrowski bikote poloniarrak K2an (8.611 m) zabaldu den biderik zail eta gogorrenetako bat kurritu zuen 1986an. Jerzy Kukuczkak, espainolez, 'Mi mundo vertical' izeneko liburuan jarri zituen egun haietako bizipenak. Sei egun kanpamentu nagusitik eskalada ezinezkoa burutzeko, eta beste egun batzuk onik ( bera, bai) berriz horra heltzeko.
Egun hauetan izan zen (hemen pandemia bizi ari garen honetan), han aire finak eta alturako gabeziak markatu zuten igoaldi hura. Urte historikoa izan zen gainera, izan ere, Wroz, Piasecki eta Bozic poliniarrek ere Magic Line bide prestigiotsua ere ireki zuten. Baina alde txarra ere heriotzaren itxuraz agertu zen. Uda hartan, dozena bat alpinista hil ziren mendiaren maldetan, tartean Tadeusz Piotrowski bera.
Uda hartan, Karl Maria Herrligkoffer antolatzaile mitikoaren agindupean, Jerzy Kukuczka eta Tadeusz Piotrowski talde handiago bateko kideak ziren. Kukuczkaren ibilbidea ezaguna da, mendizale boteretsua, igoaldi mitikoak poltsikoan dituena. Baina Piotrowski ez zen atzean gelditzen. Urte batzuk lehenago Poloniako alpinistarik onenetakotzat jotzen zen. Andrzej Zawadarekin batera neguko espedizio batean Noshak mendia eskalatu zuen. Tirich Mir edota Lhotse mendietan ere igoaldiak egin zituen.
Jerzy Kukuczka zortzimilako guztiak igotzeko lasterketa hartan murgilduta zegoen, eta K2 bere hamaikagarrena izango zen. Berarentzat oso inportantea zen mendi altu haiek ohiko bideetatik kanpo igotzea, baina taldekideen artean ez zuen motibazio bera topatzen. Urte hartan, baina, kanpamentuan zeuden Deba Fuster, Rolf Zemp, Diego Wellig suitzarrak eta Toni Freudig alemaniarrak bikotearekin lanean hasi ziren. Goiko lanetan elkarrekin hasi baziren ere, laster batean, Suitzakoek ezetz esan zuten, handik ikusten ziren zailtasunek atzera bultzaturik. Alemaniarrak ere agur esan zien, eta biok biotara lotu ziren.
Hainbat kanpamentu jarri zituzten baldintza klimatologiko txarretan, elur geruza handiekin, eta ekaitzaren batek ere behean sarrarazi zituen. Hamar egunez elurpean izan ziren, eta ostean, eguzkia agertu zen berriz. «Azkenean eguzkia agertu zen ekainaren azken egunetan,-dio Jerzyk- eta bi egun gehiago itxaron genuen elurra ondo garbitu arte. Oraingo honetan gailurreraino abiatu ginen. Lehen egunean 6400 metrora, eta bigarrenean 7200metrora heldu ginen».
Hirugarren egunean ezagutzen ez zuten espazioan murgildu ziren. Gero 8300 metroraino joan ziren. Harrizko horma bat zeharkatu behar zuten eta bidea ez zegoen oso garbi. Hurrengo egunean traste gutxi hartuta, modu arinean joango zirela erabaki zuten, «bestela pisuarekin ez ginen eskalada burutzeko gai izango». Sokak, eta eskaladarako material hartuta abiatu ziren. Dendak, lo egiteko zakuak eta abar abandonatu zituzten.
Eskalatzen hasi ziren. «Berehala konturatu nintzen eskalada hura oso zaila zela, egun bakarrean egiteko, ezinezkoa. Plana aldatu genuen. Egun horretan ahal genuen toki altueneraino joango ginen. Han soka eta materiala utzi, bibakera etorri eta hurrengo egunean saiatuko ginen berriz» .
Eskalada V+ gradukoa zen, «Tai gabe egiten nuen borroka. Hura zen espedizio guztietan altura hartan topatu nuen zatirik zailena. Txarrena zen, eskalatu bitartean, zerumugan sekulako hodei beltzak ikusten nituela. Egun bat aguantatuko zuen?»
Eta eguraldia aldatu zen. «Arratsaldean elurra egiten hasi zen. Bibaka muntatu genuen. Afaria prestatzen ari nintzen bitartean azken gas bonbona jausi zitzaigun. Ez genuen apenas edan gau hartan».
Halarik ere, hurrengo egunean, gorantz atera ziren. «Hurrengo sokaldiak ez ziren hain zailak izan eta metro batzuk gora eginez gero, terreno errazago batean sartu nintzen. Hiruretan heldu zen Tadeusz niganaino. Elurra egiten zuen eta laino sakona zegoen arren tontorretik hurbil geunden».
Gorago, aurreko egunetako urratsak topatu zituzten, eta zalantzak agertu ziren arren, azkenean bide egokia topatu zuten eta tontorreraino heldu ziren.
Ilunabarrean heldu ziren goraino, teknika handiko eskalada baten ostean eta lau bibakekin (azken bietan ez janaririk, ez edaririk). Argazki batzuk atera eta atoan, Abruzzos bidetik jaisten hasi ziren.
Ez zuten irudikatu korapilatzen ari zen drama.