

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Himalaiako sasoia hastear da, eta egunotan, Everest Icefall Doctors ari dira Khumbu glaziarrean gora eta behera biderik egokiena bilatzen. Horren ostean jende andana hurbilduko da munduko mendirik altuenaren oinetara izerdia botatzera eta bizitza arriskatzera, diru kantitate ederra ordainduta. Erosotasun guztiak bezeroaren esku egongo dira beste behin.
Aurten, 8K Expeditions agentziak sokak jarriko ditu 2. kanpamendutik Everest eta Lhotse gailurretara. Nepaleko 50 operadore baino gehiago dituen Expedition Operator's Association of Nepal (EOA) elkarteak denboraldi bakoitzean agentzia bati ematen dio ibilbidea ekipatzeko ardura hori, eta mendian dauden gainontzeko guztiek ordaintzen dute sokak erabiltzeagatik.
Helikopteroen joan-etorriak ohiko bilakatuko dira berriz, kanpamentu nagusitik 2. kanpamendura helikopteroz eramango badituzte material tona guztiak, sherpak eskalatzeko arriskua gutxitzen laguntzeko asmoz.
Jende larregi, masifikazioak, zarata nonahi,… gehiegikeriak ikusiko ditugu sasoi honetan ere.
Mukuru egongo den kanpamentu nagusi horregatik urrun, eta soka tinkorik eta sherpen laguntzarik gabe, alpinista batzuek benetako alpinismoari ekingo diote, bere balioak aldarrikatzeko. Horretan tematuko dira beste behin Nives Meroi (63 urte) eta Romano Benet, (62 urte) italiarrak, eta Peter Hamor (60 urte) eslovakiarra.
Kangchenjunga mendiguneko lau tontorren artean baxuena da Yalung Peak (7.590m), eta hor dituzte begiak iltzaturik, estilo alpinoan igotzeko. Hiru mendizaleek ondo ezagutzen dute ingurua, izan ere, bertan dagoen Kabru Hegoaldeko (7.318 m) lehen igoera egin zuten 2023an.
Joan den urtean ere handik ibili ziren, baina eguraldi txar luze batek ahitu zuen hirukoteak zituen energia eta pazientzia guztia, eta igoera saiakera gehienak zapuztu ostean, etxerako bidea hartu zuten.
Bada, egunotan, berriz bueltatuko dira Nepalera, eta alpinista beteranoek ibilbide berri bat irekitzeko asmori helduko diote beste behin. Baina egia da mendiak erakutsiko dituen baldintzen araberakoa izango dela saiakera, segurtasuna bermatze aldera.
Beste aldetik, 8000 metroko mendietara berriz bueltatuko dena Vassiliy Pivtso eskalatzaile potentea izango da. Bere talde txikia Makalu eskalatzen saiatuko da, talde komertzialetatik urrun. Vassiliy kazakhstarrak 8.000 metroko 14 gailur guztiak eginak ditu oxigeno osagarririk eta sherpa laguntzarik gabe, eta ez da batere ezaguna, baina munduko alpinistarik indartsuenetako bat da.
Vassiliy Pivtsof K2 mendian egin zuen sekulakoa Maxut Zumayer, Gerlinde Kaltenbrunner eta Darek Zaluskirekin, 2011n. Espedizio hartan Ralf Dujmovitsek buelta ematea erabaki zuen. Lagunak oxigenorik gabe saiatzeaz gain, iparraldeko maldetatik ari ziren goraka, eguraldi txarrarekin, eta elur-jausiak izateko arrisku handiarekin. Bada, abuztuaren 23an, arratsaldeko 18:00etan, K2ko gailurrera heldu ziren.
Chogori mendiak beti liluratu egin du Pivtsov, eta hara itzuli zen 2018-19ko neguan Artem Braunek zuzendutako talde batean, neguan K2n aritzeko, beti ere oxigenorik eta sherpen laguntzarik gabe.
Horren ostean, alpinista hori ez da mendi altuenetan agertu, baina epe horri amaiera eman nahi dio, eta Makalura itzuliko da lagun gazteago batzuekin: Mikhail Tarasov eta Peter Shulgin. Beraiek egingo dute lan guztia, pisua aldapa pikoetan gora eramango dute, eta bere kanpamentuak jarriko dituzte goialdeetan, gero gailurrera abiatzeko.
Seguruenik, benetako alpinismoaren aldeko aldarria eta ahalegina egingo duten alpinistak gehiago izango dira, baina zorionez horiek ez dira sareetako nartzisismo global horretan erortzen, eta batzuek azken unera arte ez dute beren planik aurreratuko.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.