Pandemia modu bortitzean erasotzen ari da Nepal. Indiatik hurbil dagoenez, bertatik etor daitekeen mutazio berriaren beldur dira herri hartan, eta antza denez mugak itxiko dituzte. Birusak Katmanduko kaleak hustu eta gero, mendietara abiatu da. Everesteko kanpamentu nagusian ia mila pertsona batu dira udaberri honetan, betiko legez, munduko erraldoiena igotzeko ahaleginetan.
Gaixotasunaren kutsatzearen ondorioz lehen kasuak atzeman dira bertan, eta makina bat alpinista ebakuaturik izan dira Katmanduko ospitaletaraino. Everesteko kanpamentu nagusian arin hedatuko da birusa, 408 turista-mendizalek baimena lortu baitute goraino igotzeko. Horiez gain, ia mila nepaldar daude bertan sukaldari, zama-eramaile, edota sherpa gisan lanean. Azken horiek arriskurik larriena dute kutsatuz gero, hantxe ez baitago inolako azpiegitura osasungintzan, prekarietatean bizi baitira ia guztiak. Ordain dezakeenak ostera bai, libratu daiteke gaixotasunaren hatzaparretatik.
Bertako The Himalayan egunkariaren arabera kanpamentu nagusian isolatu dira hainbat zonalde, alpinisten artean kontakturik egon ez dadin, eta horren harira, bertako emergentzia taldea espedizioetako liderrekin bildu da, egoera aztertzeko eta ezarri behar den protokoloa onartzeko. Badirudi ez dutela bertaraino trekking eginez aholkatzen, eta kanpamentuetan musukoaren erabilpena derrigortu egin dela.
Kontu larriagoa omen da Dhaulagiri mendian. Hantxe 33 mendizale eta laguntza emango dieten beste 100 pertsona metatu dira pandemiaren begiradapean. Horietariko batzuk, dozenaren bat edo, Katmanduraino eraman dituzte, eta horietariko batzuek positibo eman dute egindako antigeno probetan. Zorionez, hango kanpamentuan Nepaleko ejertzitoko sendagile batzuk daude eta horiek gidatu dituzte analisiak.
Helikopteroak harat honat dabiltza, ebakuazioak egiten, beti ere klimatologia aldekoa badute.
Agian, bertako Turismo Ministerioa arinegi hasi da aurtengo sasoian zortzimilakoetarako baimenak banatzen. Dena ondo bidean zihoala ematen bazuen ere, egoera epidemiologikoa aldrebestu da osoki, eta murrizketa gehiago ezarriko dituzte. Orain hegaldiak ere suspenditu dituzte maiatzaren erdialdera arte edo. Mota guztietako zurrumurruak ere zabaldu dira, eta antza, espedizioak bertan behera geldi daitezke aurten.
Nepalek kolpe latza jaso du eritasunaren azken olatuarekin, eta bere grafikoetako kurba beldurgarriak gora eta gora egiten du tai gabe. Mendian daudenak ez dira libratuko kutsatze posibleetatik, eta gainera altuerak eta Covid-19 gaixotasunak oso koktel hilgarria osatu ahal dute.
Ez da sasoi ona izango Himalaian.