Broad Peak eta mundua

Broad Peak eta mundua

Juanra Madariaga
JUANRA MADARIAGA

2007an. urte berezia izan zen niretzat. Broad Peak mendiaren gailurra zapaldu nuen konpainia onarekin (Carlos Soria, Louis Rousseau, Gerfried Göschl, nire espediziokideak). Palchang Kangri edo Falchang Kangri baltierazko izenez ere izendatzen den mendia ez zen ezezaguna niretzat, izan ere, jomugan izan genuen 99an hiru lagunek. Hirurok eta mendia. Jordi Estanyol, Jaume Gibernau, eta neu, Arrasateko seikote batekin hain gailur zabala zuen mendi hura igotzeko asmotan bildu ginen. Ze oroitzapen bikainak ditudan saiakera hartatik!!

Pozik baina artega batean ere atera ginen uztailaren 19an, 7200 metrotan geneuzkan denda horixka haietatik gure tontorra izango zenaren bila. Baina ordu batzuk borrokan eman ondoren, bat-bateko ekaitz pean, triste baino tristeago, beheranzko bideari ekin behar izan genion, eguraldi kaxkar hark bultzatuta. Hala ere, saioa itzela izan zen, eta dema amaitzean, kantuka aritu ginen Ralf Dujmovits alpinista famatuarekin batera kanpamentu nagusian.

Zortzi urte beranduago aurrez aurre geunden berriz. Koke Lasarekin eta beste lagun batzuekin, Broad Peak agertu zitzaigun begien aurrean Baltoro glaziarrean gora. Ederra da mendia urrundik ikusita. Altua, bolumen handikoa, gailurrerainoko hegi zabal batekin. Azken muturrera iristeko ertz luze bat kurritu behar da, horrexegatik jende asko ez da benetako erpinera heltzen, eta atzerago dagoen beste mutur batean lotzen da akiturik. Baina niretzat, tarte hori, alturan egindako pasabiderik ederrenetako bat begitandu zait beti.

Ondoko espedizio batean, beste lagun asko ere bildu ziren. Ferran Latorre eta Edurne Pasaban koadrila handi baten barruan zeuden. Tartean ere, Jose Ramon Agirre 'Marron', Esther Sabadell, Juanjo Garra, Ivan Vallejo, Valentin Giro eta abar. Beharrezkoa den aklimatazioa lortze aldera, elkarrekin egin genituen gorako saioak. Lana bukatutakoan kanpamentu nagusian biltzen ginen guztiok kontu kontari, estrategiak definitzeko xedez.

Uztaila heldu zen, eta Sanferminak ere ospatu genituen bertan, entzierro eta guzti. Trapuzko zezen batek korrikalari nekatuak (5000 metro inguruan korrika egiteak birikak lehertzen dizkizu) adarkatu zituen gezurrezko istripu barregarrietan. Eguraldi ona eta indarrak bateratu zirenean, gorantz egin genuen azken bultzadaz. Edurne, Gerlinde, Ferran eta Mondinelik, beste lagun batzuekin, gailurra zapaldu zuten, eta bigarren saioan, geu abiatu ginen. Gomutan dut gaueko hamabietan atera ginela III. kanpamendutik. Oso bide luzea geneukan aurretik. Urratsa zabaltzea tokatu zitzaigun eta jo eta su aritu ginen lan horretan, tematsu, harik eta 7900 metrotan dagoen lepora heldu ginen arte. Han eguzkiaren lehen printzek berotu zuten gure muskulatura flakatua. Eguraldia ederra zen, baina agian beranduegi gailurrera abiatzeko. Askok buelta hartzea erabaki zuten bitartean, geure begiek gorago so egin zuten. Zerbait edan eta jan ostean, azken zati bertikalagoari heldu genion. Amildegien arteko goiko bide hura zoragarria izan zen. Bakarrik heldu nintzen tontorrera. Atzetik lagunak zetozen, Carlos Soria ere bai. Tontorrean guztiok besarkatu genuen elkar. Bihotza puztuta, pozarren geunden. Aurrez aurre, K2 handia altxatzen zen, eta edertasuna lau puntu kardinaletara hedatzen zen. Mundu bat zegoen azpian. Mundu bat zegoen inguruan. Mundu txundigarri bat. Mundu hura orain, gure barnean daramagu.

Temas

Euskera