Antartikan lehen aldiz
Egun hauetan, baina makina bat urte atzera eginda, gizakiak esplorazio eta lorpen handienetako bat egin zuen. Adibide garbienetako bat Roald Amundsen (Norvegia, 1872- 1928) Norvegiako esploratzailea izan zen. 1911ko abenduaren 14an, bere taldekideekin (Olav Bjaaland, Helmer Hanssen, Sverre Hassel eta Oscar Wisting) Hego Polora heldu zen. Lasterketa izugarria izan zuen beste esploratzaile handi batekin, Robert Falcon Scott ingelesarekin, baina azken horren desesperaziorako 34 egun lehenago heldu zen norvegiarra.
Garai haietan balentria izugarria bazen horrelako bidaietan parte hartzea, bizitza arrisku handitan jartzen baitzen beti, deskubritzeke zeuden eremuak erabat ezezagunak baitziren. Urte hartako urriaren 19an hasi zen bidaia, eta Amundsenen saio horretan ongi aukeratu zituen lagunduko zuten kideak, izan ere guztiak ziren gai zehatz batean trebatuak eta adituak (txakurretan, eskietan, edota baleen arrantzan). Bidaia egiteko lau lera eta 50 txakur baino gehiago bildu zituzten.
Guretzat Antartika osoa laua iruditzen zaigun arren, goi-lautada batera igo behar da energia dezente xahutuz. Ia hilabetea eman zuten tarte hori kurritzeko, eta lurraldearen erdigunera, azken puntura, 16 txakur baino ez ziren heldu. Bidean jan egin zituzten. Amundsenek Polheim izena eman zion Hego poloan eraikitako kanpalekuari eta parajeari Haakon VII.a erregearen lautada izena eman zion. Puntu hartan jarri zuten oihalezko denda bat, eta gainean Norvegiaren bandera. Garo argazki famatua atera zuten. Bertan ere eskutitz bat utzi zuten idatzita, bueltan galduz gero beren lorpena kontatzen zuena.
Atzerago, Robert F. Scott zetorren, eta erabat desesperatu zen bere taldea Amundsenen arrastoak azken muga hartan atzeman zituenean. Bigarren espedizio hark amaiera tragikoa izan zuen eta kide guztiek bizia galdu zuten. Estrategia desberdinak izan zituzten bi espedizioek. Amundsenek eta haren kideek zakur leren laguntzarekin osatu zuten zeharkaldia; Scottek, berriz, zaldi mongoliarrak aukeratu zituen.
Animalien aukeraketa izan zen giltzarrietako bat. Zakurretako batzuk hego polora iritsi aurretik sakrifikatu zituzten norvegiarrek, eta haragia itzulerarako gorde zuten, biltegietan. Scotten zaldiek jatekoa gainean zeramaten, eta zama gehiago eramateak elurretan hondoratzea zekarren. Pixkanaka, zaldiak hil egin ziren, eta haien ondotik espediziokideak Wilson, Oates, Bowers, Evans, eta Scott.
1912ko azaroaren 12an Britainia Handiko espedizio batek Robert Falcon Scott esploratzailearen kanpamentua aurkitu zuen. Bertan, kapitainaren gorpuarekin batera, azken egunetako gorabeherak gordetzen zituen egunkaria ere agertu zen.
Horretaz Bernardo Atxaga idazleak idatzi zuen maisutasunez, Henry Bengoa inventarium izeneko lanean, Scott kapitainaren azken anotazioak titulupean.
«Osteguna, martxoak 22.
Ekaitza ez da baretzen. Wilson eta Browers-ek ezin izan dute depositurantz aurreratu. Bihar azkeneko ahalegina. Ez daukagu batere konbustiblerik, eta janaria behin edo bi alditarako bakarrik. Naturala izatea erabaki dugu. Depositurantz jarraituko dugu eta bidean hilko gara».