Alexen neguak
Neguko sasoia berezia da alde guztietatik. Elurrak kromatismo ezberdina ezartzen dio inguruko paisaiari, eta biluztasun ezohikoa agertzen da baso eta landa guztietan.
Hotzak uzkurtzen gaitu, kiribildu, krisalida bat bagina bezala, bero apurraren xerka. Agorafobia estremoa ez dutenek naturarekiko harremanaren hariak tinkatzeko erabiltzen dute sasoia eta harrigarriak diren esperientziak biltzen dituzte gura barik. Hori gertu daukagu hemendik ibiliz gero, eskuragarria da Euskal Herriko edozein paraje edota mendi bistatzen badugu.
Hala ere, badira alpinista batzuk muturreko bizipenen bila abiatzen direnak, muturrekoak, ezinak izan daitezkeelako, toki apartatuetan baino ezin bizi daitezkeelako.
Elementu talde horren barruan Alex Txikon laguna kokatuko nuke nik.
Harreman berezia gordetzen du inguruarekin. Edota enborrak txikitzen ditu aizkolarien kolektiboan murgilduta dagoelako, edota mendi erraldoietara abiatzen da hodeiertz neurribakoak begiztatzera.
Edurne Pasabanekin hainbat bidaia ikaragarritan parte hartu ostean, bere ekinaldiari ateak zabaldu zizkion eta harrezkero neguko gizatiar bilakatu da. Gomutan dut Pakistanerako hegazkina hartu zuenean Hidden Peak erraldoiaren biboteetara igotzeko asmoz. Biok izan ginen mendi horren puntaren puntan udako sasoietan, tenperatua eztiagoa denean eta halarik ere deabrukeria izan zen goraino heltzea. Neguan baina, hango tenperaturak pairaezinak dira ia, hango haizeteen energiak harriak mugitzeko gaitasuna du, hango giroa hilgarria da erabat eta horregatik ez dago neguko bizitzarik Himalaiako zati horretan.
Mendi hauetara, ardurenean, ekaina eta uztailean joan ohi da, eguraldi eztiago bat topatuko duzulakoan, eta halarik ere zeropeko 20 gradutik gora ibiltzea arrunta da, baina eguraldi onaren epeltasunaz ere goza daiteke anitzetan.
Neguak, parametro hauek erabat aldatzen dira. Neguko hotzari beste zeropeko 15 edota 20 gradu gehitu behar zaizkio.
Honek esan nahi du ezin duzula ezertan hutsik ere egin. Udan, agian, gau bat pasa daiteke kanpoan galduta, zendu barik; neguan, hobe duzu dendatxoaren babesa topatzea, bestela zureak egin du.
Ez galdu ez eskularrurik, ez betaurrekorik, ez galtzerdirik; hutsegite txikiena tragedia bilaka daiteke. Egoera horretan, beldurra izaten da areriorik kontrolagaitzena. Izan ere, gizakiok ez dakigu zenbaterainokoa den ekaitzaren, elurraren, hotzaren energia gupidagabea. Naturak, beste askok bezala, ez baitu eskrupulorik.
Eremu horretan gizakiak dena galtzeko aukera handiak ditu, baina profesional horren eskarmentua itzela da.
Mendietan ibiltzeak garenarekin topo egitea esan nahi du. Mendizaletasuna bizitzari eginiko kantua da, eta Alex ere kantari fina da. Elkarrekin, natura zoragarri baten erdian partekatu ditugu geure sentimenduak, sentsazioak eta ametsak, eta hori ez da erraz ahazten den kontua.
Toki horietan ez dugu zoriontasuna okertzen, geurea da.
Orain Antartidan dago, eta hortik bueltan, Ama Dablam mendira joango da neguan. Beste altuago bat izango du begiz jota? Seguruenik, bai.