Bigarrenean bai
Oso tentsio handiko egunak bizi izan ditugu joan den asteburuan. Alex Txikonek eta bere ekipoak (Simone Moro kanpamentu nagusian lotu zen) lubaki sakona zabaldu behar izan dute goranzko igoeran. Kanpamentu nagusitik atera ostean erraz burutu zuten lehen tartea. Hortik gora komeriak hasi ziren. Bigarren kanpamentura arteko bidea oso elurturik zegoen eta zeramaten pisuagatik erruz egin behar izan zuten lana. Eguna jo eta su eman ostean, ez ziren aurretiaz jartzea pentsaturik zeukaten bigarren kanpamentura heldu, eta beherago jarri zituzten dendak. Panorama ez zen oso ondo hasi. Behealdean horrela ibiliz gero, nolako zailtasunak topatuko zituzten goitik?
Halarik ere, gorantz segitu zuten indartsu hirugarrena jomugan zutela. Eguraldia lagun izan zuten eta horrek agian animatuko zuten, baina errealitatea bestelako izan zen. Elur sakona zegoen eta altura horretan horrela ibiltzea energia kantitate handia xahutzea da. Oxigeno falta nabariagoa izaten da 6000 metrotik gora, eta gainera motxila kargaturik badaramazu are gehiago.
Hortaz, pronostiko guztien arabera, eta lan intentso bat burutu zuten arren, hirugarren kanpamentuko altuerara ez ziren heldu. Baina haiek kikildu beharrean, ondo deskantsatu, elikagai egokiak hartu, eta hurrengo egunean gorantz atera ziren berriz, animaturik, beste kanpamentu bat altuago jartzeko motibazioarekin.
Handik heldu zitzaigun albistea: egun berean, gaueko 22:00etan altxatzekoak ziren, eta eraso batean tontorreraino joateko ahalegina egingo zuten, beti ere, eguraldiak hala uzten bazuen. Modelo meteorologiko guztiak aztertzen hasi ginen orduan. Hurrengo egunetako goizak oso argiak zirela baieztatu genuen hainbat iragarpenetan, baina eguerdian hodeiak izango ziren protagonista. Tenperatura? Ikaratzekoa, -38 gardu. Baina haize bufada nabarmenik ere ez zen agertu behar. Altuera horretan horixe baita areriorik txarrena: haizea.
Urduri pasatu genituen azken orduak, baina esnatu orduko erabakia hartuta zegoen. Kanpamentu nagusirako bueltan zeuden. Hodei gehiegi, ez zen apenas ikusten. Eguraldiarekin ezin da parametro haietan txantxetan ibili.
Kanpamentu nagusian daude orain, atsedena hartzen, oin minberatuak eztitzen, eta hurrengoan pentsatzen, noski! Alexek esan didan moduan, depositu bat daukate 7.000 metroan, eta hor mila metro soka, dendak, oxigenoa, eta gas eta janaria metaturik dituzte hurrengo saioa behar bezala horniturik egon dadin.
Orain eguraldiaren urrikalmena baino ez da falta, eurek motibazioa, indarra eta gogoa egoera onean baitituzte.